Uztaileko ohiko joerari eutsi dio Hego Euskal Herriko lan merkatuak. Uda betean turismoari lotutako jarduerek enplegua sortu arren, ez dute nahikoa indar izan hezkuntzan ikasturtearen amaierak eta beste jarduera batzuetako udako geldialdiak eragindako lanpostu galerak orekatzeko. Ondorioz, ekainetik uztailera langabeziak gora egin du, eta Gizarte Segurantzako afiliazioak behera, nahiz eta kotizatzaileen kopuruan inoizko uztailik onena izan den.
Uztaila amaitzean 134.433 langabe zeuden izena emanda Lanbiden eta Nafar Lansaren, ekainean baino 1.912 gehiago. Iazko uztailarekin alderatuta ere okerrera egin du egoerak: duela urtebete baino 902 langabe gehiago daude erregistratuta. Iaz, berriz, urte arteko balantzea nabarmen hobea izan zen, ia 3.900 langabe gutxiago baitzeuden.
Lurraldeen arabera ez da salbuespenik izan, guztietan egin du gora langabeziak. Bizkaian izan da igoerarik handiena, 832 langabe gehiago erregistratu baitituzte han. Nafarroan 534 pertsona gehiago daude lanik gabe, Gipuzkoan 266 gehiago, eta Araban ere gora egin du kopuruak; 280 langabe gehiago daude, hain justu.
Hilabete arteko bilakaera, ordea, ez da ustekabekoa. Urteroko joera izan ohi da uztailean langabeziak gora egitea eta enpleguak behera egitea. Ekainean eta uztailean amaitu edo eten egiten dira hezkuntzarekin lotutako kontratu ugari —ordezko irakasleenak, akademietako langileenak, eskoletako jantokietakoak eta garraio zerbitzuetakoak, besteak beste—, eta industriako enpresa askok ere udan eten egiten duten euren jarduera. Turismoak eta ostalaritzak sortzen dituzten lanpostuek ez dute galera hori osorik konpentsatzen.
481Zenbat langile dauden lan erregulazioan Uztailaren amaieran, enplegua aldi baterako erregulatzeko 121 espediente zeuden indarrean, eta horiek 481 langileri eragiten zieten; hirutik bi gizonezkoak ziren. Ekainean bain Euren lanaldia partzialki etend zuten 223 langilek eta osorik 258k. Iazko uztailean baino 492 langile gutxiago daude aldi baterako erregulazioan
Zerbitzuetan handitu da gehien langabeen kopurua: 1.183 pertsona. Talde horretan biltzen dira, besteak beste, hezkuntzarekin eta aisialdiarekin lotutako jarduera asko; langile horietako askok aldizkako kontratu finkoak dituzte. Bestalde, aurretik enplegurik ez zutenen multzoa ere nabarmen handitu da, 773 pertsona gehiago baitaude kategoria horretan. Industrian, ostera, ia ez da aldaketarik izan —hiru langabe gehiago baino ez—, eta eraikuntzan nahiz nekazaritzan beherakada txikiak izan dira.
Langabeen profilean ere ez da aldaketa handirik izan. Emakumeak dira oraindik gehiengo zabala: hamar langabetik ia sei emakumeak dira (%59), eta gizonek %41 osatzen dute.
Udako kontratu gutxiago
Kontratazioari dagokionez, uztailean 101.800 kontratu sinatu dira Hego Euskal Herrian. Kopuru hori iazko uztailean baino %5,4 txikiagoa da.
Udan ohikoa den moduan, aldi baterako kontratuek gora egin dute: hamar kontratutatik ia zortzi (%78,3) mota horretakoak izan dira. Mugagabeak, berriz, %21,7 izan dira. 2022an indarrean sartutako lan erreformak kontratu mugagabeen pisua handitu bazuen ere, portzentaje hori antzerakoa izaten da hilabete guztietan.
Afiliatuen kopuruan ere nabari da beherakada. Gizarte Segurantzak 1.365.613 lagun zenbatu ditu uztaila amaitzean, ekainean baino 2.316 gutxiago. Lurraldeka, baina, bestelakoa izan da joera: Gipuzkoan 1.365 enplegu berri sortu dira, eta Nafarroan 70. Aldiz, Araban 725 galdu dira, eta Bizkaian 3.026 afiliatu gutxiago daude.
Jaitsiera orokorra, hala ere, askoz apalagoa da iazko uztailean izandakoa baino, eta ez da aldatu azken urteetako joera nagusia: enpleguak handitzen jarraitzen du urte arteko alderaketan. Izan ere, iazko uztailarekin alderatuta 26.588 afiliatu gehiago daude gaur egun Gizarte Segurantzan kotizatzen. Horri esker, Hego Euskal Herriak inoizko uztailik onena izan du afiliazioari dagokionez.
Erregimenen araberako datuek ere erakusten dute enpleguaren oinarriak sendo daudela. Erregimen orokorrak 1,14 milioi afiliatu baino gehiago ditu, autonomoen kopuruak 213.000tik gora jarraitzen du, eta aurreko urtearekin alderatuta hazkundea izan da ia erregimen guztietan.
Eusko Jaurlaritzako Enplegu zuzendari Arantza Martinez Tobalinaren arabera, uztaileko langabeziaren igoerak ez du lanpostuen suntsiketak ekarri, lan merkatuan sartu diren edo lan bila ari diren pertsona berrien —populazio aktiboaren— hazkundeak baizik, eta hori, berez, «fenomeno positibo» bat dela.
Haren esanetan, langabeen urte arteko igoera aurretik enplegurik izan ez dutenen artean pilatu da batez ere —773 gehiago Hego Euskal Herrian—, eta 30 urtetik beherakoen artean, udan ikasketak amaitu ondoren lehen aldiz enplegua bilatzen hasten diren gazte asko erregistratzen direlako enplegu bulego publikoetan.
[Informazioa lantzen ari gara]