ABADIÑO. Langile bat hil zen atzo goizean Cosmos enpresan, Abadiñoko Lebario auzoan (Bizkaia). LAB sindikatuak azaldu duenez, oxigeno bonbona batzuk garraiatzen ari zela, kargak harrapatuta geratu eta berehala hil zen. Larrialdi zerbitzuak agertu ziren, baina ezin izan zuten ezer egin. Langilea ez zen Cosmoseko lantaldekoa,Transportes Eguiara y San Juan azpikontratatutako enpresakoa baizik. Arratsaldean haren heriotza salatu zuten Matiena auzoan.
LABen zenbaketaren arabera, aurten lanean ari zela hildako hamaseigarren langilea da atzo Abadiñon hildakoa.
Aurreko istripu hilgarria ostegun arratsean gertatu zen, Zugaztietan (Trapagaran, Bizkaia). Funi-Arboleda jatetxeko kargagailua gainera erori zitzaion 57 urteko emakume bati.
Horien aurretik, bi kamioilari hil ziren. Bata, aurreko ostiralean, AP-15ean, Tafalla aldean (Nafarroa), bere kamioiak beste batekin talka egin eta autobidetik behera erori zenean. Gidariak 40 urte zituen, eta Madrilgoa zen. Beste garraiolaria, berriz, AP-15eko Zuastiko atsedenlekuan (Itza, Nafarroa) zegoela zendu zen, kamioiaren kabinak su hartuta.
Langile bat hil da Abadiñon, kargak harrapatuta

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu