Langile bat hil da gaur goizean Abantoko (Bizkaia) enpresa batean, metalezko habe batzuk gainera erori ondoren, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Hildakoa 37 urteko gizonezko bat da, Getxokoa (Bizkaia).
Ezbeharra 10:00ak aldera jazo da, Sercrisa enpresaren lantegian, San Lorenzo auzoan. Txatarraren salerosketan aritzen den enpresa bat da Sercrisa. Segurtasun Sailaren arabera, langilea garabi batekin ari zen lanean, eta gainera erori zaizkio metalezko habe batzuk. Larrialdi zerbitzuak eta Osalaneko teknikari bat joan dira hara, baina, iritsi direnerako, hilda zegoen langilea.
41 pertsonak galdu dute bizia aurten lan istripuen ondorioz, gehiengo sindikalak jakinarazi duenez. Gertakaria salatzeko egingo diren protestetan parte hartzera deitu dute.