Hiru sindikatuak jakitera eman duenez, AP-8 autobidea asfaltatzeko lanetan ari zen langile bat hil zen atzo. 54 urteko gizonezko bat da hildakoa, eta Irungoa (Gipuzkoa) zen.
Garraiolaria zen, eta asfaltatze lanak egiteko materiala eramaten zuen kamioian. Autonomoa zen, eta Campezo garraio enpresarako egiten zuen lan.
Bihotzekoak jota hil zen. Hiru sindikatutik nabarmendu dutenez, lan istripua izan da, ez da heriotza naturala izan: gaur egungo lan baldintzek eragindakoa ezbeharra izan da.
«Argi daukagu errepideetako merkantzien garraioak urte luzez pairatzen daraman prekaritatea eta desregulazio basatia agerian daudela eta gaur egun bizi dugun egoerak onartu ezinezko egoera hori areagotu besterik ez duela egin».
Sindikatuak azpimarratu du COVID-19a dela-eta hartutako neurriengatik beharginak ez zuela lanean aritu behar, ez hura egiten ari zen lana eta ez asfaltatze lanak, eraikuntza lanak eta beste batzuk ere ez direlako lehentasuneko jarduerak.
«Administrazioek beste alde batera begiratzen dute; ez dute benetako egoeraren arduradun egin nahi, baina argi geratzen da, behin eta berriz, ekonomia, produkzioa, langileon osasunaren gainetik jartzen dituztela», adierazi du Hiruk komunikabideetara bidalitako oharrean.
Sindikatuaren arabera, urtea hasi denetik hogei behargin hil dira, eta gaineratu du bik «zabor azpian» segitzen dutela, Zaldibarko zabortegiko luizian desagertutakoak gogoan. Lan istripuak eragozteko neurriak exijitu dizkio Eusko Jaurlaritzari.