Langile bat hil da Bakedanon etxe bateko teilatutik erorita

CCOOk jakinarazi duenez, lantokiko amiantoaren ondorioz gaixotutako langile bat hil da

ERREDAKZIOA BILBO
2008ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Langile bat hil zen atzo Bakedanon (Nafarroa) lanean ari zela etxe bateko teilatutik erorita. Osagai isolatzaileak jartzen ari zela izan zuzen ezbeharra, eta argitzeko dauden arrazoiengatik zazpi metroko altueratik jausi zen. Hildakoak, E.S.S. gizonezkoak, 45 urte zituen eta Lizarrakoa zen.

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, La Fuente kalean gertatu zen,14:00 aldera. Larrialdi zerbitzuak istripua gertatu zen tokira bertaratu ziren, baina ezin izan zuten ezer egin, langilea istripua izan eta berehala hil baitzen. Foruzaingoa gertatutakoa ikertzen ari da.

CCOOk jakinarazi duenez, enpresan amianto minerala erabiltzeagatik gaixotutako langile bat ere hil zen atzo. Hildakoa, J.H.V. gizonezkoa urte askoan aritu zen Babcock Wilcox fundizioan. 69 urte zituen eta gaur egun erretiroa hartuta zegoen.

Aurrez ere enpresa horretan aritutako hainbat langile hil dira amiantoaren erabileraren ondorioz. EAEko Auzitegi Nagusiak hala aginduta, gaixoei eta haien senideei kalte-ordainak ere ordaindu behar izan dizkie Babckokek.

Hain zuzen, langilearen heriotza salatzeko eta «justizia» eskatzeko, ASVIAMIE amiantoaren biktimen Euskadiko elkarteak hitzaldi sorta eskaini zuen atzo Oreretako (Gipuzkoa) Reina aretoan. Besteak beste, Olvido Herreras hildako langilearen alaba eta ASVIAMIE elkarteko idazkari nagusiak hitz egin zuen. Hitzaldi bana eskaini zuten Araceli Larios lan medikuntzako adituak eta Jesus Uzkudun CCOO sindikatuko Lan Osasunerako arduradunak ere.

Mineralarekin lan egin izan duten guztiei beren kasuen berri emateko eskatu die CCOOk. «Elkarrekin justizia egin eta amiantoarenbiktimentzako ordain funts bat sortzea lor dezakegu», adierazi dute sindikatuko ordezkariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.