Gaur 08:30ak aldera 39 gizonezko bat hil da Bermeoko portuan, lanean ari zela. Kamioi gidaria zen eta, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak baieztatu duenez, ondoezik sentitu ondoren jausi egin da. Osakidetzaren helikopteroa joan da portura, langilea erietxera eroateko, baina medikuak haren heriotza egiaztatu besterik ezin izan du egin.
Urte honetan Euskal Herrian lan istripuan hil den bosgarren garraiolaria da, Hiru sindikatuak esan duenez. Elkartasuna eta salaketa azaltzeko Hiruk dei egin die Euskal Herriko garraiolari guztiei 24 orduz xingola beltza euren ibilgailuetan jartzeko. "Lehenik eta behin, zendutako garraiolariaren senitarteko eta lagunei gure elkartasuna helarazi nahi diegu. Halaber, salatu nahi dugu gaurkoan bezala edozein lan istripuan pairatzen dugun sistema produktibo eroa dagoela, etekin ekonomikoak langileen osasunari eta bizitzari gailentzen baitzaie. Lan istripuak ez dira kasualitatez gertatzen, ez dira gertaera bakanak, prekarietatea, lan baldintz eskasak, exijentziak, lan erritmoa, atseden falta, lehia eta presa dira lan istripuen iturburua. Administrazioek ez dute inolako neurri erangikorrik jartzen giza hondamendi hau gelditzeko", esan du Hiruk prentsa ohar baten bidez.
LAB sindikatuaren datuen arabera, aurten Euskal Herrian lan istripuetan edo lan baldintzen ondorioz hil den 24. behargina da gaurkoa. Iaz horrela 82 langile zendu zirela dio LABek, duela bi urte 85, 2008an 112, 2007an 125.