Lanean hildakoen zerrendari beste pertsona bat batu behar zaio,J.L.G.O. 54 urteko gizonezkoa hil baitzen atzo Trapagaranen (Bizkaia). Osalan EAEko Lanerako Segurtasun eta Osasunerako erakundeak jakinarazi duenez, bobinatzeko makina batek buruan jota zendu zen.
07:30 aldera gertatu zen istripua. Martxan zegoen harikaltzeko makina batetik burdin hari batzuk kendu nahian zebilen langilea. Horretan ari zela, buruan kolpea hartu zuen makinarekin, eta makinak harrapatu egin zuen. Momentuan hil zen. Osalanek azaldu duenez, makina horrek berak matxura izan zuen goizeko lehen orduan, eta geratu egin behar izan zuten. Behin konponduta, berriz martxan jarri zuten.
Nervacero altzairua ekoizten duen enpresan egiten zuen lan J.L.G.O.k duela 32 urtetik, eta txanda horretako arduraduna zen.
Enpresa batzordeak gertatutakoa salatzeko produkzioa etetea erabaki zuen, gaur 14:00 arte. Astelehenerako, berriz, elkarretaratzea antolatu du lantegiaren aurrean.
78 hildako
Urte hasieratik 78 behargin hil dira Hego Euskal Herrian lanean ari zirela, ELA eta LAB sindikatuek eginiko zenbaketaren arabera.
Hain zuzen, atzo, gogor gaitzetsi zuten sindikatuek gertatutakoa. Guztiek azpimarratu dutenez, lan arriskuen prebentziorako legea berriz ere urratu dute enpresek.
ELAk esan duenez, istripuaren arrazoi nagusia prekarietatea da, eta Administrazioak lan istripuei aurre egiteko «borondate politikoa» falta du. Beharginak lanean ari direla hiltzen direla ikusirik, «plan birtualek, batzordeek eta lan taldeek» ez dutela «ezertarako» balio iritzi dio. Ikuskapen «gehiago eta hobeagoak» egitea beharrezkotzat jotzen du, eta horretarako bitartekoak behar direla uste du.
CCOOk, berriz, Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari langileen osasunaren kontrako delituekin eteteko eskatu die.
UGTk istripuaren arrazoiak argitzeko eta xaflatze saileko segurtasun neurriak berrikusteko eskatu du. Hildako langilea bera sindikatu horretan afiliatuta zegoen.
Langile bat hil da Bizkaian, makinak harrapatuta
Trapagarango Nervacero lantegiak produkzioa eten du gaur arte, eta elkarretaratzea antolatu dute astelehenerako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu