Langile bat hil da Cementos Portlanden izandako lan istripuan

32 urteko langile bat hil da, gainera erori zaion materialak zapalduta. Enpresa berean urte eta erdian lan istripuan zendutako bigarren langilea da.

Lan istripua Olatzagutian
Lan istripua gertatu den enpresa, Cementos Portland. FORUZAINGOA
joxerra senar
2024ko otsailaren 15a
16:26
Entzun

Olatzagutiko Cementos Portland enpresan lan istripua izan da ordu bata inguruan. 32 urteko langile bat hil da, zapalduta. Tobera bateko ikatza gainera erori zaio, eta, larrialdietarako protokoloak ezarri badira ere, ezin izan dute ezer egin.

Larrialdi zerbitzuek 13:47an jaso dute istripuaren berri eman dien deia. Suhiltzaileak eta larrialdietako osasun zerbitzuak bertaratu dira, baina ezin izan dute ezer egin langilea oneratzeko.

Foruzaingoak 16:00etan baieztatu du albistea, eta istripuaren nondik norakoak argitzeko ikerketa bere gain hartu duela jakinarazi du X sare sozialean. Langilearen gorpua Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman dute.

32 urteko langilea Altsasun bizi zen. Urtebetetik gora zeraman lanean enpresan, errelebo kontratu batekin, eta aurki kontratu finkoa izenpetzekoa zen.

ELAk gogora ekarri duenez, Cementos Portlanden urte eta erdian izan den bigarren heriotza da. 2022ko irailean, beste langile bat hil zen orga jasotzaile batek harrapatuta. Sindikatuaren arabera, aurten sei pertsona hil dira Nafarroan beren lanpostuan: «Astean hildako bat kasik».

LAB, CGT, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru sindikatuek 19:00etan elkarretaratzeko deia egin dute biharko, otsailak 16, Altsasuko Iortia plazan. Prekaritateak hiltzen du, patronalak eta instituzioek gaixotu eta hiltzen gaituzte lelopean, lan istripu eta heriotza gehiagorik ez izateko berehalako neurriak ezartzeko eskatuko dute.

CCOOren oharra

CCOO sindikatuak irmo gaitzetsi du lan istripua. «Lan istripu tasa handienetako lurraldea da Nafarroa, eta zifra horiek murrizteak lehentasun izan behar du Nafarroako Gobernuarentzat eta inplikatutako eragileentzat». Patronalari dei egin dio Lan Arriskuen Prebentziorako legea «zorrotz betetzera», eta horretarako «behar diren baliabide guztiak» jarri beharko liratekeela gaineratu du.

Sindikatu horren irudiko, lantokira joateak ez lioke inori eragin behar inolako arriskurik. «Lan istripurik ez izateko erantzukizuna enpresen gain dago erabat, eta administrazioak funtsezko rola jokatzen du araudia betetzen dela zaintzeko orduan», esan du.

Antzera eta gogor mintzatu da ELA. «Egoera horren erantzule nagusiak patronala eta erakunde publikoak dira». Sindikatuaren arabera, enpresek, sistematikoki, ez dute betetzen legedia, eta Nafarroako Gobernuak uko egiten dio «beharrezko kontrol neurriak» ezartzeari. Hala, ELAk eskatu du Nafarroako Osasun Publikoaren Lan Osasunaren Institututuko ikuskaritzako langile kopurua «hirukoizteko».

Alderdien mezua

Alderdiek doluminak azaldu dizkiote langilearen senideei. «Adeitasun eta babes osoa» adierazi diete sozialistek. Geroa Baik, berriz, heriotza deitoratu, eta «babes eta elkartasun osoa» adierazi die.

EH Bilduk ere babesa adierazi die gertukoei. «Prekaritateak hiltzen du. Lan baldintza duinak», eskatu du koalizioak sare sozialetan. Altsasuko EH Bilduk «amorrua eta tristura» azaldu du: «Ezin dugu horrelakorik gehiago onartu».

UPNk ere ezbeharra gaitzetsi du, eta lan istripuak geldiarazteko neurriak «premiazkoak» direla azpimarratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.