Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, 17:25 inguruan gertatu zen ezbeharra, Gurugu esaten dioten parajean, NA-32410 errepidetik gertu. Langilea lurjausi batzuen berri ematen zuten hesiak jartzen aritu zen eta lana amaitu ostean herriko abeltzaintza poligonora zihoan.
Foruzaingoaren lehen ikerketen arabera, dezenteko pendiza ari zen jaisten, eta argitzekodauden arrazoiengatik traktorearen kontrola galdu zuen. Ibilgailuaren azpian harrapatuta geratu zen, eta larrialdi zerbitzuak istripua gertatuta zen tokira bertaratu baziren ere, ez zuten ezer egiterik izan. Gorpua Auzitegiko Medikuntzarako Nafar Erakundera eraman zuten autopsia egiteko.
ELA eta LABek egindako kontaketaren arabera, urtea hasi zenetik 92 lagun hil dira lanean ari zirela. Azkeneko biak aurreko astean. Ostegunean, eraikuntzan aritzen zen langile bat zendu zen Bakedanon (Nafarroa) etxe bateko teilatutik erorita. Ostiralean, 15 tonako piezak batek azpian harrapatu zuen 32 urteko langile bat. Laudioko (Araba)Construcciones Metalicas Urialden gertatu zen ezbeharra.