Lan istripua

Langile bat hil da gaur Beasainen, CAFen bi garabiren artean harrapatuta

45 urteko gizonezkoa da hildakoa. Lankideek hilik topatu dute, 7:45ean. 24 orduko lanuztea egiten ari dira. LABen arabera, aurten 15 behargin zendu dira lan istripuetan.

2009ko martxoaren 9a
16:55
Entzun
45 urteko langile bat hil da gaur goizean Beasainen (Gipuzkoa), CAF lantokian. Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak esan duenez, lankideek hilda topatu dute, 7:45ean. LABek jakinarazi du matxuratutako garabi bat konpontzen ari zela aldameneko beste garabi bat oharkabean desplazatu egin da, eta tartean harrapatu du langilea. Osalaneko teknikariak CAFera joan dira, ikerketa abiatzeko asmoz.

Trenetako bagoiak egiten ditu CAFek, eta hildakoa Talleres Mecaniscos Añi Tolosako (Gipuzkoa) enpresako kidea zen. Gizonezkoa da -Antonio U.T.-, Andoaingoa (Gipuzkoa).

CAFek Lazkaibarren dituen tailerretan gertatu da heriotza, autobideko zubiaren ondoko pabiloi batean, Beasain aldera. Langilea garabi baten gainean ari zen konponketa lanak egiten. Beste lankidea herraminta batzuen bila behera jaitsi den bitartean gertatu da istripua. Albo nabean martxan zebilen beste garabi batek jo eta bota du behera. Pabiloiak zutoin batzuekin soilik daude bereizita, ez dute hormarik. Kolpea jaso ondoren lanean ari zen garabiaren gainetik plataforma batera erori da. Arnesa jantzita zeukan, baina momentuan hil da.

Beasaingo CAFen, Langile Batzordeak proposatuta, 24 orduko lanuztea egiten ari dira langileak, eta bihar elkarretaratzea egingo dute, 09:00etan hasita, enpresa atarian. CAF egin dute gaurko heriotzaren erantzule, garabi batzuen baldintzak "arriskutsuak" direlako; arduradunak horretaz oharrarazi zituztela diote. Irungo (Gipuzkoa) CAFen, berriz, ordubeteko lanuztea egin dute goizean, eta Langile Batzordeak beharginei etxera joateko gonbitea egin die.

LAB sindikatuaren arabera, aurten Euskal Herrian lan istripuetan hil den 15. behargina da gaurkoa. Iaz hala 125 zendu direla dio LABek. Sindikatuak deituta, bihar manifestazioa egingo dute Andoainen, 20:00etatik aurrera; Zumea plazan elkartuko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.