Langile bat hil zen atzo Hazparnen (Lapurdi) zuhaitzak mozten ari zela. 11:30ean gertatu zen ezbeharra, herriko Labiri auzoan. Kimaketa lanetan zebilela, makina gainetik erori zen behargina. Hildakoa Franck Subercaze da, 38 urte zituen eta Bustingorry-Subercaze enpresan egiten zuen lan.Hain zuzen, hango bazkideetako bat zen.
Aste honetan izandako bigarren lan istripua da atzokoa. Aurrekoa asteazkenean gertatu zen, hura ere lehen sektorean eta hura ere Ipar Euskal Herrian, Urdiñarben (Zuberoa) hain zuzen ere. Bere etxaldean lanean ari zela traktorearekin istripua izan, eta haren azpian harrapatuta geratu zen.
Jean Pierre Lopepe izena zuen asteazkenean hildakoak, eta 49 urte zituen. Antza, traktore batekin ari zen ukuilua garbitzen. Larre aldapatsua zen, traktorea irauli, eta maldan behera 30 bat metro egin zituen. Laboraria makinaren azpian harrapatuta geratu ondoren hil zen.
LABek jakinarazi duenez, hirugarren langile bat ere hil da asteon, astelehenean hain justu. Debako (Gipuzkoa) Utillajes Itxaspe enpresan egiten zuen lan, eta sindikatuaren arabera, heriotza ez traumatikoa izan zuen.
Istripu gutxiago iaz
2009a azkenaldiko urterik onena izan zen lan istripuei dagokienez. 81 langile hil ziren lanean ari zirela. 2008. urtean 112 izan ziren, eta 2007 urtean, berriz, 125. Jaitsiera nabarmena izanagatik -%27 heriotza gutxiago- zuhurtziaz hartzeko eskatu dute sindikatuek. Izan ere, langabeziak ere eragin zuzena du jaitsieran, erregulazio espedienteak direla-eta geldirik edo gutxiago ekoizten baitaude enpresa asko.
Langile bat hil da Hazparnen, kimatze lanetan ari zela
Hildakoak, F.S. gizonezkoak, 38 urte zituen eta Bustingorry-Subercaze enpresan egiten zuen lan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu