Langile bat hil da istripuz Durangoko Fundiciones Fumbarri galdategian

Behargina harrapatuta gelditu da desmoldekatze kutxa batekin zebilela. Langile batzordeak egun beteko geldialdira deitu du astelehenerako

Durangoko San Roke kalean dago Fundiciones Fumbarri. 100 bat langile ditu. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Irune Lasa.
2017ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Fundiciones Fumbarriko langile batzordeak idatzitako agiriaren lerroak dira: «Argi utzi nahi dugu guk ez dugula hiltzeko lan egiten, baizik eta bizitzeko nahi dugula lan duina, duintasunez bizitzeko». Goizean lantegian istripuz hildako lankidea zuten gogoan atzo Durangoko (Bizkaia) galdategian, lerrook idazterakoan.

57 urteko Lekeitioko (Bizkaia) beharginaren heriotza ekarri zuen ezbeharra 07:00etan jazo zen, atzo, San Roke kalean dagoen lantegian. Desmoldekatze kutxa batekin zebilen langilea harrapatuta gelditu zen, oraindik argitu gabe dauden arrazoiengatik, eta ia berehala hil zen. Desmoldekatzearen xedea izaten da moldekatze hondarrak molde barnean dagoen piezatik bereiztea, hura atera ahal izateko.

Enpresa batzordeak gertatutakoa «lehenbailehen» argitu dezala eskatu dio administrazioari. «Eta, batez ere, dagozkien prozedura eta neurri guztiak ezar ditzatela, berriro ez dadin horrelakorik gerta, ez Fumbarrin, ezta beste inon ere». Enpresari ere egin diote eskaria: «Dagokion erantzukizunez, prebentzio protokolo eta neurriak ezar ditzala».

Hildakoaren lankideei eta senideei elkartasun adierazteaz gain, CCOO sindikatuak ere eskatu die Osalani eta Lan Ikuskaritzari istripuaren nondik norakoak lehen baino lehen argitzeko.

ELA sindikatuak, berriz, sare sozialetan salatu du heriotza: «Prebentzio eta ikuskaritzarikezak beste langile bat erail du Durangon».

Alde horretatik, LAB sindikatuak egin ditu adierazpenik gogorrenak. Ezbeharra salatzeko agirian, hildakoaren sendi, lagun eta lankideei doluminak adierazteaz gain, LABek azaldu du urteak daramatzala Fumbarrin laneko osasun arazoak eta segurtasun eta prebentzio neurri falta salatzen. «Tartean, ezin ahaztu, istripu larriak eta laneko segurtasun arazoak daudela».

Fundiciones Fumbarrin 100 langile inguru ari dira jardunean. LABek gogoratu du duela bi urte istripu larri bat gertatu zela galdategian eta, haren ondorioz, langile bati ezintasun iraunkor absolutua eman ziotela, «gas toxikoa arnastu izanak birikak txikitu zizkiolako»; orduko ezbehar haren ondorioz, beste langile bat larri egon zen nozitutako erredurengatik.

Fundiciones Fumbarrin hainbat silikosi kasu egon direla ere gogorarazi du LABek, sindikatuak eta langileek urteak egin dituztela horiek saihesteko neurri faltak salatzen. LABek azaldu duenez, gauza horiengatik guztiengatikzigor auzibidean bere kontra bi prozedura ditu zabalik Fundiciones Lanbarrik, langileen eskubideen kontrako delitua leporatuta.

«LABekook, beste behin ere, egoeraren larritasuna mahai gainean jarri nahi dugu. Enpresa honetan uler dezatela, behin betiko, prebentzioak eta laneko osasunak duten garrantzia, eta harditzatzela dagozkien neurriak, langileak eta haien bizitza jarriz erdigunean, eta ez etekin ekonomikoak soilik».

Langile batzordeak antolatuta, astelehenean 24 orduz etengo da lana Fumbarrin eta eguerdian elkarretaratzea egingo dute lantegiaren atarian.

LABen arabera, Durangokoheriotzarekin, jada 40 dira lanean ari zirela aurten Euskal Herrian istripuz hil diren beharginak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.