Lan osasuna

Langile bat hil da Loiun, eta kamioilari bat Barazarren

Amiantoak beste biktima bat eragin du: CAFeko Irungo langile izandako bat.

Istripuaren lekuko argazkia. GASTEIZKO SUHILTZAILEAK.
Iker Aranburu.
2019ko maiatzaren 22a
07:14
Entzun

Ertzaintzak jakinarazi duenez, istripu bat izan da gaur arratsaldean Aceros Olarra altzairutegian, Loiun (Bizkaia). Garabi batekin lanean ari zela, ezbeharra izan du 46 urteko behargin batek, eta berehala hil da. Ertzaintzak ez du argitu garabitik erori ote den ala leku batetik bestera eramaten ari zen adreilu sorta bat gainera erori ote zaion.

Ordu batzuk lehenago bi kamioik elkar jo dute N-240 errepidean, Barazargo mendateko igoeran, Zeanuriko lurretan (Bizkaia). Gidari zenduak trailer bat zeraman, eta beste kamioi bat jo du, 35. kilometroan, Gasteizerako noranzkoan. Beste kamioiko gidaria larri zauritu da, eta Osakidetzako helikoptero batean eraman dute ospitale batera.

Ertzaintzak Barazarko errepidea itxi du, bi noranzkoetan, kamioiak kendu ahal izateko, eta Dimatik eta Urkiolako gainetik bideratu du  trafikoa.

Atzora arte, hemezortzi lagun ageri ziren lanean hildakoekin LABek bere web orrian egiten duen zerrendan. Bizkaian gaur hildakoak batuz gero, hogei izango lirateke.

Amiantoak, beste biktima bat

Zerrenda horretan, ordea, ez dira ageri laneko gaixotasunen ondorioz hildako beste hainbat. Amiantoa da gaixotasun profesional horien artean biktima gehien eragiten dituena, eta gaur jakin denez, beste langile bat hil da amiantoa arnasteak eragindako minbiziaren erruz. Asviamie taldeak jakinarazi duenez, CAFeko Irungo langile ohi bat da, Felix Vazquez, 63 urtekoa. Enpresa batzordean aritutakoa, ESKren ordezkaria. CAFeko langileak kalera atera dira goizean lankideari omenaldia egiteko, gertukoei dolumina adierazteko eta amiantoaren biktimentzat kalte-ordainen funts bat eskatzeko.

Astea bereziki txarra izaten ari da lan osasunarentzat, astelehenean beste bi langile hil baitziren, Gipuzkoan: basomutil bat Zestoan, eta eraikuntzako langile bat, berriz, Zarautzen.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.