Langile bat hil da Nestleren Araiako lantegian, kamioi batek harrapatuta

Langileak aldi baterako lan kontratua zuen, eta astebete baino ez zeraman Helados y Postres fabrikan lanean

2010eko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Beste langile bat hil da lanean ari zela istripua izan ostean. Herenegun jazo zen ezbeharra, 19:30 aldera, Nestle multinazionalak Araian duen Helados y Postres lantegian -lehengo Miko-. Sindikatuek jakinarazi dutenez, kamioia aparkatzeko maniobretan garraiolari bati laguntzen ari zen langilea, zamalanetako gunean. Ibilgailuaren eta horma baten artean harrapatuta geratu zen behargina, eta bertan zendu zen.

Gaizka Murgialdaik 22 urte zituen, Araiakoa zen, eta zortzi egun besterik ez zeramatzan Heldos y Postres enpresan lanean. Uda garairako aldi baterako kontratua egin zioten, zamatzaile gisa. Osalan Laneko Osasun eta Segurtasunerako Euskal Erakundeko teknikariak berehala hasi zuten ikerketa, ezbeharraren zergatiak argitzeko, baina oraindik ez dute emaitzik plazaratu.

Sindikatuek eta langileen batzordeak gogor kritikatu dute gaztearen heriotza, ekidin zitekeelako. ELAk laneko prekarietateari bota dio errua, hildakoa aldi baterako langilea zelako, «inolako prestakuntza eta esperientziarik gabea». Cipri Berrocal CCOOko Lan Osasunerako Arabako arduradunaren hitzetan, «nahikoa zatekeen enpresan lan arriskuak sahiesteko plangintza zuzen egituratuta eta gizarteratuta izatea». LABek, berriz, administrazioen eta enpresaburuen utzikeria salatu du, ez dutelako neurri eraginkor bakar bat ere hartzen laneko ezbeharrak saihesteko.

Arrisku handiagoa

Sindikatuek ez ezik, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak ere gaitzetsi egin du Araian jazotakoa. Ohartarazi du 16 eta 34 urte arteko gazteek lan istripuak izateko aukera gehiago dituztela adin horretatik gorakoek baino. Zehazki, %4,15ko aukera ei dute 16 eta 34 urte artekoek; %2,2koa hortik gorakoek. Horregatik, araudia betearazteko eta ikuskatze gehiago egiteko eskatu dio Administrazioari.

ELAren esanetan, lan istripuen inguruko estatistikek onartezinak izaten jarraitzen dute, aurten, Araban, dagoeneko bost langile hil baitira gutxienez. «Laneko agintarientzat hausnarketa sakon bat egiteko nahikoa arrazoi izan behar luke horrek». LAB sindikatuaren kontaketaren emaitzak are okerragoak dira; aurten Euskal Herrian gutxienez 37 langile hil direla dio, horietatik zazpi Araban.

Horiek hala, gertatutakoa gaitzetsi eta hildakoaren familia eta ingurukoei elkartasuna adierazteko, langile batzordeak deituta dozenaka langilek elkarretaratzea egin zuten atzo eguerdian enpresako atarian. Arratsaldean, berriz, langileen ordezkariak zuzendaritzarekin bildu ziren egun osoko lanuztea egingo dutela jakinarazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.