Langile publikoen eskaerei entzungor egitea egotzi diote Jaurlaritzari

Sindikatuek martxoaren 12ko zerbitzu publikoetako greba erregistratu dute.

Greba
Sindikatuetako ordezkariak, Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzaren aurrean, asteazken honetan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
jokin sagarzazu
2024ko otsailaren 28a
13:20
Entzun

Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainaren atarian, grebara joko dute berriz ere Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langile publikoek. Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak Bilbon duen egoitzan erregistratu dute deialdia ELA, LAB, CCOO, STEILAS eta ESK sindikatuek —ordezkaritzaren %80 baino gehiago—. Guztira 150.000 lagun daude protestara deituta. Greba baino astebete lehenago elkarretaratzeak egingo dituzte lantokietan, Zerbitzu publikoak indartzeko, soldata eta enplegua hemen adostu lelopean.

Sindikatuek udazkenean abiatu zuten protesta dinamika, langile publikoen lan baldintzen eta, oro har, zerbitzu publikoen okertzea salatzeko. Urtea amaitu aurretik bi greba egun egin zituzten; hezkuntzan eta garraio publikoan izan zuten erantzunik handiena, eta urriagoa Osakidetzan, sindikatuen arabera, ezarritako «gehiegizko» zerbitzu minimoengatik.

Mobilizazio horien ondoren, denbora tarte bat utzi zieten administrazio publikoetako agintariei, beren aldarrikapen nagusietan urratsak egin zitzaten, baina, horretarako «borondaterik ez» dutela egiaztatu ondoren, protestara itzultzea erabaki dute. Are, martxoaren 12ko greba iragarri zutenetik bi aste pasatu eta gero, erakunde bakar bat ere ez dela haiekin harremanetan jarri salatu dute.

Udazkenetik bilera batzuk egin dituzte sindikatuek eta administrazioetako ordezkariek, EAEko Funtzio Publikoaren Mahai Orokorrean eta mahai sektorial batzuetan. Jaurlaritzak argudiatu duenez, lan baldintzak hobetzeko proposamenak egin ditu. Sindikatuentzat, baina, ez dira aski.

Auzi politikoa

Aldarrikapen nagusi bat dute: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan adostea zenbat langile publiko behar diren eta haien soldatak eta lan baldintzak. Uste dute hori dela zerbitzu publikoak indartzeko bidea. 2009tik indarrean dagoen oinarrizko araudia dela-eta, Espainiako Gobernuak ezartzen ditu langile publikoen berrezartze tasak eta haien soldata igoerak. Sindikatuek uste dute ordutik hona Jaurlaritzak eskumen falta hori aitzakia gisa erabili duela zerbitzu publikoak ahultzeko eta pribatizatzeko.

Sindikatuen arabera, langile publikoen lan baldintzek nabarmen okerrera egin dute azken urteetan. Azkenengo bi urteetan haien erosahalmena %8 murriztu dela diote eta 2010. urtetik %20ko galera metatua dutela. Horrekin batera, nabarmendu dute administrazio publikoko langileen %44 dagoela behin-behineko egoeran; Osakidetzan, erdiak baino gehiago.

Sindikatuek argi dute borondate politikoko auzia dela, eta ez ekonomikoa. Gogoratu dute, besteak beste, azken urteetako zerga bilketa inoizko handienak izan direla. Haien iritziz, erakundeek eta alderdi politikoek egiten dutena baino presio handiagoa egin dezakete Madrilen, funtzio publikoari buruzko erabakitzeko ahalmena bertako administrazioen esku egon dadin.

SINDIKATUEN ESKAERAk

  1. %10eko soldata igoera eta aurretik hartutako zorra berreskuratzeko konpromisoa.

  2. Pribatizazioei atea ixtea eta publifikazio planak adostea.

  3. Enplegu publikoa sortzea eta kontsolidatzea, behin-behinekotasuna %8ra jaitsiz.

  4. Lan kargak arintzea, lantaldeen osasuna bermatuz.

  5. Politika feministak eta berdintasunerako plan erreal eta eraginkorrak adostea.

  6. Administrazioak eta langileak euskalduntzea.

  7. Jardunaldiaren murrizketa 32 orduko lan astearen norabidean ipintzea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.