Langileak botatzea, merkeago

Aldi baterako kontratuak gutxitzeko asmoz, kontratu mugagabeei dagokien kaleratze ordaina murriztea hitzartu dute

Ivan Santamaria.
2006ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Hemendik aurrera kontratu mugagabe bat sinatzen duen edozein langile kaleratzea inoiz baino merkeagoa izango da. Bosgarren lan erreforma prest dago, eta horra hor lehenbiziko ondorioa. Behin-behinekotasuna eta kontratazioaren iruzurra izan dira urtebetez Espainiako Gobernuaren, CEOE eta CEPYME patronalaren, eta UGT eta CCOO sindikatuen arteko negoziazioen ardatza. Euskal ordezkaririk ez da izan negoziazioetan.

Akordioa datorren asteartean sinatuko dute Madrilen. Ondoren, Espainiak lege-dekretu bidez indarrean jarriko du. Bide horrek testuari Espainiako Legebiltzarrean aldaketak ezartzea eragotziko du.

Espainiako Lan Ministerioaren arabera, erreformari esker aldi baterako kontratua duten bost langiletik batek mugagabe bihurtzeko aukera izango du. Hego Euskal Herrian, gaur egun, langileen ia herenek ez dute kontratu mugagaberik. Joan den urtean sinatu ziren guztietatik, %7,3 baino ez ziren mugagabeak izan. ELA eta LAB sindikatuek erreforma kritikatu dute, eta, kalte-ordainak murriztearen poderioz, enplegu guztia behin behineko bihurtzeko arriskua dagoela ohartarazi dute.

- Finko gehiago, merke: Enplegua Sustatzeko Kontratua orokor bihurtuko du lan erreformak. Alegia, 2007. urtea bukatu baino lehen mugagabe bihurtzen den kontratu orok kaleratzearen truke izango duen kalte-ordaina 33 egunekoa izango da lan egindako urte bakoitzeko, eta 24 hilabetez asko jota. Kontratu mugagabe ohikoaren kasuan, kaleratuz gero lan egindako urte bakoitzeko 45 eguneko soldata jasotzeko eskubidea du langileak, 42 hilabeteko gehienezko mugarekin.Neurri horrekin, 1997. urteko erreformarekin zabaldutako bidea itxiko da, azkenik. Urte hartan 30 urte arteko gazteentzat, 45 urtetik gorako langabeentzat eta elbarrientzat jarri zen martxan kontratu mota hori, kaleratze ordain txikiagoekin. 2001. urteko erreforman, berriz, jende orori zabaldu zitzaion, 30 eta 44 urte bitarteko gizonezkoei izan ezik. Azken muga hori erori egingo da erreforma berriaren ondorioz. Aurrera begira salbuespenak ezarri eta kolektibo batzuentzat gazteak edo emakumeak, esaterakokaleratze are apalagoak onartzeko bidea zabalik geratu da.Dagoeneko oso urriak ziren ohiko kontratu mugagabeak Hego Euskal Herrian. Iaz %2,2 baino ez ziren izan, eta kopurua ez da ia aldatu azken bost urteotan. Enplegua Sustatzeko Kontratuen baldintzek ere ez dituzte enpresaburuek erakarri: 2001. urtean %1,8 izan ziren, eta iaz, %1,6 baino ez. Aldi baterako izatetik mugagabe izatera pasatu ziren kontratuak %3,5 baino ez ziren izan.Jaun eta jabe obra edo zerbitzukoak (%34) eta behin-behinekoak dira (%39,1). Obrako kontratuekin iruzurra gertatzen dela salatu dute behin eta berriro sindikatuek, sarritan lan jarraitu bati aurre egiteko erabiltzen baitira, legezkoa ez izan arren. Kontratu mota horietan kalte-ordaina zortzi egunekoa da lan egindako urte bakoitzeko.

- Kateatzeari mugak: Aldi baterako kontratazioari mugak ezarriko zaizkio. Hala, aldi baterako bi kontratu edo gehiago izan dituen langile bat finko izatera pasatuko da bi urte eta erdiren buruan lanpostu bera bi urte baino gehiagoz izan badu. Denbora kalkulatzeko langilea funtzio bera egiten pasatu duen epea aintzat hartuko da, kontratua Aldi Baterako Lan Enpresa baten bidez egin arren. Aldaketa hori Langileen Estatutuan jasotzea hitzartu dute patronalak eta sindikatuek.

- Pizgarriak enpresei: Enpresaburuek zenbait hobekuntza lortu dituzte erreformari esker. Hala, urtea bukatu arte finko bihurtzen duten aldi baterako langile bakoitzaren truke 800 euroko hobariak jasoko dituzte. Ekainaren 1a baino lehen sinaturik dauden aldi baterako kontratuei dagokie neurria. Kontratu mugagabeak egiten dituzten enpresa eta autonomoek 500 eta 3.200 euro bitarteko laguntzak eskuratu ahalko dituzte. Hobari horiek jasotzeko epea bi urtetik lau urtera handituko da.

- Kotizazioak, behera: Enpresaburuek Gizarte Segurantzari ordaintzen dizkioten kuotak ere jaitsiko dira. Kontratu mugagabeen langabeziaren kuota %6tik %5,75era pasatuko da uztailaren 1ean. 2008. urteko uztailaren 1ean beste %0,25 gutxiago ordaindu beharko dute. Halaber, Fogasa funtsari egiten dioten kotizazioa erdira jaitsiko da (oinarriaren %0,4tik %0,2ra). Porrot egiten dituzten enpresetako langileen kalte-ordaina hartzen du bere gain Fogasak. Horren truke ematen dituen sariak handituko dira. Esaterako, gehienezko ordaina Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren halako bi izatetik halako hiru izatera igaroko da. Dena den, Adegi kexatu egin da, eta kotizazioak are gehiago murrizteko eskatu du.

- Azpikontratak: Enpresa batek beste bati langileak uztea, beste inolako zerbitzurik eman gabe, legez kanpokoa izango da. Langileak utzi nahi dituen enpresa horrek antolakuntza egonkor eta propiorik edo jarduerarik ez badu legez kanpokoa izango da, baita ere. Lan ikuskarien kopurua %20 handitzea onartu du gobernuak, kontrolatzeko.

NEGOZIAZIOAK



 

PSOE itzuli denetik, lehen akordioa





Lan harremanen esparruan PPrekin parekatzeko falta zitzaiona lortu du azkenik PSOEk: sindikatuak eta patronala erreforma batean ados jartzea. Urtebete pasatu da negoziazio mahaia lehen aldiz bildu zenetik, eta urte horren joanean erreforma sakon bat egiteko zeuden ezadostasunak egiaztatu ahal izan dituzte alde guztiek. Arazoak arazo, lehena iritsi da, baina baliteke azkenekoa ez izatea. Mahai gainean beste bi gai arantzatsu daude: pentsioen erreforma eta negoziazio kolektiboarena. Biak aurten heldu beharrekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.