Langileen zatiketa Celsan

Zuzendaritzaren bideragarritasun plana onartu dute 92 langilek; 210ek bilkura bat egin dute planaren kontra

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Langileen arteko zatiketa agerian geratu da Gasteizko Celsa Atlanticen —lehengo Laminaciones Arreguin—, zuzendaritzak aurkeztutako bideragarritasun plana langileen herenek onartu ostean (92). Hain zuzen, 98 langilek eman dute botoa. Planak 91 langile kaleratzea eta soldatak %20 jaistea —langile batzordearen arabera, %25, soldatak izoztutako lau urteak kontuan hartuz gero— jasotzen ditu. Atzo bozkatu eta onartu zuten plana. 210 bat langile, baina, enpresaren atarian bildu ziren, planaren aurka.

Bideragarritasun plana bozkatzera joateko, gainera, autobusak jarri zituen enpresak. Ertzaintzaren arabera, pneumatikoz egindako barrikada bati su eman zioten «ezezagunek», eta suhiltzaileek bertaratu behar izan zuten garrak itzaltzera. Ertzainek itxi egin zuten ingurua, langileak zeramatzan hiru autobusak enpresara sartu zitezen.

Bi lantegiak kolokan

Arabako bi lantegiak ixteko eta bertan lan egiten duten 352 langile kaleratzeko proposamena egin du Celsak lan erregulazio espedientean. Horren ordezko da zuzendaritzak aurkeztutako bideragarritasun plana.

Langile batzordearen arabera, zuzendaritzak «babestutako eta bultzatutako» batzarra izan da; izan ere, haren esanetan, zuzendaritzaren aldeko langileak bozkatzera joateko hiru autobus, notarioa, abokatuak eta segurtasuna jarri baititu zuzendaritzak. Era berean, adierazi du batzarrak ez duela baliorik langile guztiak ez dituelako ordezkatzen. Zuzendaritzak, ostera, esan du langileen ekimena izan dela, eta ez duela iritzirik emango.

Mobilizaziora deitu dute bideragarritasun planaren aurkako langileek gaurko. Greba amaigabean daude langile horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.