Hogeita lau ordu ditu egunak herrialde guztietan, baina denbora ezberdin erabiltzen dute herritarrek munduko txoko bakoitzean. OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeak emandako datuak ez datoz bat topikoekin. Mexikon pasatzen dutela ordu gehien lanean, herrialde guztietan emakumeek egiten dutela ordaindu gabeko lanordu gehien, eta musu truk egindako zereginak barne produktu gordinean sartuz gero Portugalen egoera bestelakoa izango litzatekeela. Horra erakundeak egindako txostenaren ondorioetako batzuk.
1. Herrialde langileenak
OCDEk ordaindutako lanean edo ikasketekin egunean pasatutako minutuak hartu ditu kontuan alde batetik, eta, bestetik, ordaindu gabeko zereginetan igarotakoak —jana prestatzen, norbait zaintzen edo konponketak egiten, esaterako—. Biak batu eta lan gehien mexikarrek egiten dutelaondorioztatu du; egunean ia hamar ordu, hain zuzen. Ordaindutakoak 5,7 dira batez beste, eta doan egindakoak 4,2 ordu.
Europako herrialdeen artean,Portugalek, zeinak berriki erreskatea eskatu duen, egiten du egunean lan gehien: ordaindutako ia bost eta ordaindu gabeko 3,8 ordu, guztira bederatzi ordu baino pixka bat gutxiago. Lan munduan erreferentetzat Alemania hartzen da, baina zerrendan oso atzean dago: egunean 7,35 ordu egiten dituzte lan han. Halaber, Herbehereak, Belgika eta Danimarka daude posturik okerrenetan; hala ere, lanzale ospea dute. Txostena egiteko, lanorduak asteko zazpi egunetan banatu ditu OCDEk, eta herrialde bakoitzeko 15 eta 64 urte arteko biztanle guztiak hartu ditu kontuan, lanean aritu nahiz ez. Horregatik da hain baxua eguneko batez besteko lanaldia.
Soldatapean egindako lana bakarrik kontuan hartuz gero, zabalduta dagoen ustea egiaztatzen dute OCDEren datuek: Asiako herrialdeetan lanaldi luzeagoak dituztela. Japonia da zerrendako burua, egunean 6,2 orduko lanaldiarekin, eta ordu erdi gutxiago egiten dute Korean eta Txinan, baita Mexikon ere.
2. Ezberdintasunak
Sexuen arteko konparazioa eginda, ez dago salbuespenik: herrialde guztietan emakumeek ordaindu gabeko lan gehiago egiten dute. Indian, esaterako, emakumeek egunero bost ordu gehiago egiten dituzte musu truk. Egunean 52 minutu soilik pasatzen dituzte gizonek han etxeko eta ordaindu gabeko gainerako zereginetan. Aipagarria da Portugalen, Italian, Japonian eta Espainian ere hiru orduko baino gehiagoko aldea izatea.
Ikerketaren arabera, zenbat eta handiagoa izan ordaindutako lana duten emakumeen kopurua, orduan eta txikiagoa da gizonekiko ezberdintasuna gainerako zereginetan. Europako iparraldeko herrialdeetan dago batzuen eta besteen arteko parekotasun handiena; Danimarkan, kasu, 57 minutuko aldea dute. Ordaindutako lanaldi luzeko herrialdeetan, ordaindu gabeko zeregin gutxiago egitekoa da joera. Hala erakusten dute, Japonia, Txina eta Koreako datuek. Mexiko da salbuespena.
3. BPGarekiko lotura
Ordaindu gabeko lan horrek barne produktu gordinaren (BPG) ehuneko zenbat osatzen duen ere kalkulatu du OCDEk: erakundeko parte diren 40 herrialdeak kontuan hartuta, batez beste, herena. Portugalen erdia baino handiagoa da kopurua, %53koa; Australian %46koa;Zeelanda Berrian %43koa; eta Japonian %41ekoa.
Lanordu gehien Mexikon egiten dute
Emakumeek herrialde guztietan gizonezkoek baino lanordu gehiago egiten dituzte musu truk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu