13:30ak inguru piztu da sua Cortusa lantegian, Andoaingo Gudarien Etorbidean. Langileek BERRIAri esan diotenez, makina batek su hartu du. Berehala ke beltza hedatu da lantegian, eta langileek korrika eta presaka alde egin behar izan dute. Bakar bat geratu da barruan; lankideen arabera, makina geratzen saiatu delako. Sarrera nagusitik ateratzea ezinezkoa izan zaionez, leiho bat irekitzea lortu du, eta hortik lortu du ke gehiegi ez arnastea. Suhiltzaileak bertaratu eta berehala atera da, lehen zantzuen arabera, osasun arazorik gabe.
Suhiltzaileak iritsi dira Andoaingo sutera. pic.twitter.com/WoEKuIzZ0M
— pello urzelai (@pellourzelai) abril 27, 2015
Cortusa Industrial SL enpresak autogintzarako pieza txikiekin lan egiten du. Osagaiei itsasgarria itsasten diete, horren gainean kautxoa kolokatu ahal izateko.
Udaltzainek Andoain eta Urnieta arteko errepidea itxi behar izan dute. Suhiltzaileak sua piztu eta ordu erdira azaldu dira. Minutu gutxiko lanaren ondoren ke beltza zena zuriago bilakatu da.
Cortusako 30en bat langile bildu dira enpresaren atarian, lantegitik atera behar izan direnei batu zaizkielako arratsaldeko txandan sartu behar zutenak. Kezka handia zegoen haien artean. Sua zerk piztu duen ez zuten argi.