Ekonomia erabat gelditzeko adina indarrik ez du izan gaurko greba orokorrak, baina nahikoa izan du ohiko jarduna baldintzatzeko eta sindikatuek deitutako manifestazioetan dozenaka mila lagun biltzeko. Lantokiak ez dituzte erabat hustu, baina kaleak bete dituzte.
Halako mobilizazioen eragina neurtzean, ohikoak izaten dira azterketa kontrajarriak. Sindikatuen arabera, «erantzun zabala» izan du grebak; patronalak ez du baloraziorik egin; eta Eusko Jaurlaritzarentzat eta Nafarroako Gobernuarentzat «desorekatua» izan da, sektoreen araberakoa. Nolanahi ere, gaurkoaren balorazioak baino gehiago, aurrera begirako ondorioek zehaztuko dute mobilizazioaren arrakasta edo porrota: alegia, patronala negoziatzera esertzera behartu duen edo Espainiako Kongresuko gehiengoa konbentzitzeko balio izan duen. Hori baitzen sindikatu deitzaileen helburua.
Izan ere, ideia nagusi batek bultzatu du greba: Arabak, Bizkaiak, Gipuzkoak eta Nafarroak beren gutxieneko soldata propioa izatea, 1.500 eurokoa. Aspaldiko partez, ELA eta LAB sindikatuek bat egin dute, eta haiekin batera aritu dira ESK, Steilas, EHNE-Etxalde eta Hiru ere.

Sindikatuok pozik agertu dira emaitzarekin, eta bereziki eguerdiko manifestazioetan bildutako jende andanarekin. Haien arabera, 105.000 lagun elkartu dira guztira: Bilbon 45.000 —udaltzainen arabera, 20.000—, Donostian 30.000, Gasteizen 15.000, Iruñean 10.000, Eibarren 4.000 eta Tuteran 600. «Eguneko irudia argia izan da: mobilizazio masiboak eta lanuzte orokorra», adierazi dute ohar batean.
CGT, CNT eta Solidari sindikatuek eta Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak ere mobilizazioak egin dituzte, baina haien aldarrikapenak gutxieneko soldatatik harago joan dira: lan prekaritatea, etxebizitzarako sarbidea, etxegabetzeak eta bazterketa soziala izan dituzte hizpide. Haiek ere jende asko bildu dute manifestazioetan.
«Motibazio politikoa»
Sindikatu abertzaleek duela bi urte abiatu zuten gutxieneko soldata propioaren aldeko dinamika, baina orain arteko bideek ez dute fruiturik eman: Eusko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan aurkeztutako herri ekinaldi legegileek porrot egin dute, eta patronalarekin negoziazio kolektibo bidez adosteko saiakerek ere ez dute aurrera egin.
Gaurko grebarekin bultzada berria eman nahi diote aldarrikapen horri. Batetik, uste dute Espainiako Kongresuan badagoela eskuduntza transferentzia babestu dezakeen gehiengorik; bestetik, patronalarekin beste ahalegin bat egin nahi dute. Horren harira, datorren asterako bilerara deitu dituzte Confebask eta CEN.

Alor politikoan, Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak berak ere sindikatuen eta patronalaren arteko negoziazioaren alde egin izan du. Aldiz, EAJk eta PSE-EEk herri ekinaldi legegilearen aurka bozkatu zuten, prozedura arazoak argudiatuta; antzera jokatu du Nafarroan Maria Txibiteren gobernuak. Sindikatuen ustez, oztopo gehien PSOE eta, bereziki, Sumar ari dira jartzen.
Gaurko grebari buruz, Maria Ubarretxena bozeramaileak adierazi du Eusko Jaurlaritza gutxieneko soldata propioaren alde dagoela, baina gaur-gaurkoz zaila dela eskuduntza hori Madrilen lortzea. Negoziazio kolektiboa aipatu gabe, bide zuzenena hori izan daitekeela iradoki du, eta sindikatuei «konfrontazioa» alde batera uzteko eskatu die.
Antzera mintzatu da EAJ ere. Ohar batean, negoziazio kolektiboaren alde egin du, eta protesta «moldeak» aldatzeko eskatu die sindikatuei. Era berean, esan du grebak «motibazio politikoa» izan duela, eta helburu nagusia Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren aurka egitea izan dela.
Sektore publikoa
Grebak egun osoan izan du eragina, baina bereziki goizean goiz. Trafikoan nabarmendu da piketeen jarduna: Bilbon, San Mameserako sarrera blokeatu dute; EHUren Leioako campuserako sarbideak itxi dituzte; eta N-1 errepidea ordubetez itxi dute Andoainen. Renferen aldirietako zerbitzu batzuk ere etenda egon dira Andoain eta Hernani artean, baita Laudio eta Urduña artean ere, sabotajeen ondorioz. EHKSko kideek, berriz, Gasteizko Aernnovaren lantegiko eta Bilboko portuko sarrerak itxi dituzte, «industria militarraren negozioa salatzeko». Merkataritza guneetan ere nabaria izan da piketeen presentzia, bereziki hiriburuetan. Istilurik ez da izan ia. Ertzaintzak hiru lagun atxilotu ditu eta beste 165 identifikatu.
Grebaren eraginari dagokionez, sektore publikoan nabaritu da gehien, bereziki hezkuntzan. Sindikatuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako haur eskoletan %80tik gorakoa izan da erantzuna; ikastoletan ere antzekoa, eta hezkuntza publikoko irakasleen artean %60tik gorakoa. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren arabera, berriz, %49koa izan da. EHUk bertan behera utzi ditu eskolak, eta Mondragon Unibertsitateko Debagoieneko lau fakultatetik hiru itxi dituzte.

Beste zerbitzu publiko batzuetan txikiagoa izan da oihartzuna. Osasungintzan gutxieneko zerbitzuek baldintzatu dute greba; %100ekoak izan dira, adibidez, larrialdietan, sindikatuek salatu dutenez. Osakidetzaren arabera, langileen %12k egin dute bat grebarekin, eta Osasunbidean, %4,2k. Garraio publikoan gutxieneko zerbitzuak eman dituzte Euskotrenek, Bilboko Metroak eta Donostibusek.
Sektore pribatuan, berriz, industrian izan du eraginik handiena grebak, sindikatuen arabera, bereziki Gipuzkoako enpresa handietan. Besteak beste, ekoizpena eten dute CAFen, CIEn, Arcelorren, Oronan, Irizarren, eta Ampon. Beste lurralde batzuetako lantegi handi ugaritan ere eragina izan du, hala nola Ingeteamen, Gestampen, Tubacexen eta Cikautxon.
Sektore prekarizatuetan greba egiteko zailtasunak handiagoak izan arren, sindikatuek nabarmendu dute Bizkaiko kontserba lantegi askotan eta arte grafikoetan lanuztearekin bat egin dutela, baita Nafarroako Erriberako elikagaien industriako zenbait enpresatan ere, besteak beste Uvesan eta Floretten.