EH Bilduren ustez, «eskandalagarria» da Tuterako (Nafarroa) Uvesa lantegian izandako COVID-19 agerraldia. Hango beharginen artean 175 positibo atzeman dituzte, sindikatuek salatu ondoren ez zirela segurtasun neurriak errespetatzen ari. «Ez da aisialdiko jarduera batean sortutako berragertze bat, baizik eta lan esparruari soilik dagokiona», gogoratu du koalizio abertzaleak: «Are kezkagarriagoa da enpresak aurretik beharrezko neurriak hartu ez izana. Izan ere, lantegi horretan neurririk ez zegoelako piztu zuten alarma sindikatuek».
Horregatik, EH Bilduk gogoratu du «lan osasuneko agintaritzak langileen osasuna arriskuan jartzen duten jokabide horiek kontrolatu eta zigortu» dituela. «Ezinbestekoa da Administrazioak jarraipen eta ikuskapen zorrotza egitea, lan-eremuan osasun segurtasuna bermatzeko indarrean dauden neurriak betetzen direla ziurtatzeko, batez ere langile asko dauden lantegietan», esplikatu du.
Hori dela eta, EH Bilduko talde parlamentarioak galdera bat erregistratu du gaur Santos Indurain Osasun kontseilariari egiteko. «Nafarroako Osasun Publikoak eta Lan Osasunak lantokiak ikuskatzeko eta langileen segurtasun neurriak bermatzeko zer neurri garatzen ari diren» jakin nahi du koalizioak, baita «Uvesa eta antzeko ezaugarriak dituzten beste lantoki batzuetako berragerpenak kontrolatzeko ezarritako neurriei buruzko informazioa ere».