Laranjen ezina

Joseba Barandiaran Andueza.
2010eko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Bezperan Samuel Sanchez Tourrean edo Herbehereak Munduko Kopan gola sartzeko legez, gure indizeak ere ezinean aritu ziren atzo; laranjen ezina sumatu zitzaien. 10.000 puntuen langari eutsi arren, gorria (!) nagusitu zen: bederatzi akziok baino ez zituzten galerak saihestu Ibex-35eko (-%0,68) tropeltxoan. Galerak %1 baino txikiagoak izan ziren bi erraldoien eta BBVAren kasuan; baina %2tik gorakoak FCC eta Criteria moduko akzio txikiagoetan. Telecincok (+%1,91) Espainiako telebistaren emanaldi ikusiena profitatu zuen Hegoafrikatik. 1.558 milioiren salerosketa baxua da urteko batez bestekoarekiko, baina abuztua baino lehen ezagutuko diren mozkin berrien zain daude txerritxo ehiztariak. Europako indizeetan makalenak izan ziren geureak, eta denetariko berriak entzuten dira Espainiako ekonomiaren inguruan. Golak sartzen jarraitzen duena Santander (-%0,83) da: oraingoan Alemanian 173 bulego eskuratu ditu, kontsumo maileguez harago hazteko.



Iberdrolak (-%0,47) berriztagarriekin Renovables (-%0,54) ipotxa burtsaratu zuen legez, Repsol-YPF (+%0,11) ere Brasilgo bere negozioa burtsaratzea aztertzen ari da. Bi mila edo hiru mila milioi euroren balioa izan lezake.



Eurogunea estatuak (eta bankuak?) salbatzeko mekanismoa zehaztu beharrean da, aurrerago izan ditzakeen balizko krisiei aurre nola egin erabakitzeko. Juncker Eurotaldeko presidenteak hilabete amaierarako funtsa zehaztuko dela hitzeman du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.