Ohi bezala, eztabaida goizaldeko ordu txikietara luzatu da, baina Europako Batasuneko arrantza ministroek jada adostu dituzte 2019. urterako arrantza kuotak eta albiste gozo-gaziak etorri dira Bruselatik.
Albiste gozoa da, esaterako, azken urteetan murrizten joan den legatzaren arrantza kuotan eten egin dela joera eta Europak kuota bere horretan mantentzea erabaki duela. Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleentzat garrantzitsua da espezie hori, baita antxoa ere. Hori ere, antxoaren harrapaketa kuota, bere horretan uztea hobetsi du Bruselak.
Euskal arrantza flotarentzat interes handikoak diren zenbait espezie harrapatzeko kuotak, berriz, handiagoak izango dira datorren urtean: hegaluzearen kuota %10 handitu da; Frantziako kostaldeko legatzaren kuota, %22; Kantauriko zapoaren kuota %5 igo dute; Bizkaiko Golkoko oilarraren kuota %40 igo da; eta ur horietako txitxarroarena %18.
Aldiz, euskal arrantzaleentzat garrantzitsua den berdelaren harrapaketak datorren urtean %20 txikiagoak izatea erabaki du Europako Batasunak. Azkenean, beste espezieek ez bezala, berdelak stock bakarra du Europa osorako. Espainiak %8ko portzentajea dauka, eta hortik Bizkaiko eta Gipuzkoako flotari kuota osoaren %1 gelditzen zaio. Berdela amuz harrapatzen duten baxurako ontziek ezingo dute galera hori handiek bezainbeste konpentsatu, adibidez, ez direlako txitxarrotan jarduten.
Eusko Jaurlaritzaren arabera, "kezkagarria" da albistea, eta horrek nolabait garraztu egin du 2019rako arrantza kuoten banaketaz gobernuak egin duen iritzia. Dena den, Jaurlaritzak "nahiko modu positiboan" balioetsi du banaketa.
Bazterketentzat konponbide bila
Bestalde, urte hasierarekin indarrean jarriko da nahi ez arren arrantzatzen diren arrainak sailkatu eta lehorreratzeko obligazioa. Hots, arrain bazterkinak itsasoan botatzea erabat debekatuta egongo da harrapaketak mugatuta dituzten espezieetan —59ra igo da babestutako espezieen kopurua—.
Arazoa dator ontziak—herrialdeak— ez duenean kuotarik porturatzen duen arrain espezie horrentzat, arrantzontzien jarduera etetea ekar dezakeelako. Adibidez, Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek ez dute kuotarik bakailaoa, liba eta platuxa harrapatzeko.
Bruselak gaia eztabaidatu du bileran, eta erabaki du "ustekabeko arrantza" horientzat nolabaiteko harrapaketa poltsak osatuko direla. Harrapaketa kuotak dituzten herrialdeek horien zati txikiak emango dituzte poltsa horiek osatzeko, kuotak ez dituztenen mesedetan.