Turismo legea. Alokairuen auzia

Lege bat kaosa bridatzeko

Turismo alokairua arautzeko legea onartu du Eusko Legebiltzarrak, EAJ, EH Bildu eta PSEren botoekin. Jarduera horretan aritzen diren guztiek zergak ordaintzea erraztu nahi du

xabier martin
2016ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Etxea edo gela alokairu turistikorako baliatzen duen orok jarduera ekonomiko horren berri eman beharko du aurrerantzean, dagokion baimena eta agiria lor dezan eta, bide batez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ogasunek haren gaineko zaintza errazago egin dezaten. Legegintzaldiaren azken osoko bilkuran onartu du Eusko Legebiltzarrak Turismo Legea, EAJ, EH Bildu eta PSEren botoekin eta gainontzeko taldeen abstentzioarekin, propio luzatutako epean eta turismoaren olatuak azken urteetan ekarritako alokairu berrien auziaren akuiluarekin.

Hotelek, pentsioek, kanpinek eta bestelako aterpe tradizionalen sektoreek nahi zuten moduan, turismoaren hazkundearen itzalean alokairuan aritzen diren denak lotuko ditu legeak, baita gaur arte Interneten eta beste euskarrietan etxea edota gela alokatzen dutenak ere —Bed &Breakfast gisa azaltzen diren horiek, adibidez—.Lehia bidegabea egiten ari zaizkiela salatu dute maiz aterpe tradizionaleko enpresariek, eta legeak egoera aldatzen lagundu dezakeela uste dute sektoreko patronalek.

Horiek horrela, etxea edo gela alokairu turistikorako baliatzen dutenek izena eman beharko dute Euskadiko Turismo Jardueren eta Enpresen Erregistroan. Etxe horiek Hiri Alokairuen Legetik at arautuko dira; aurrerantzean, Turismo Legearen arabera jardungo dute. Jabeek etxean hartzen dituzten turisten berri eman beharko dute derrigorrean, eta beren etxeen edo gelen publizitatea egitean, demagun Interneten, dagokien baimen zenbakiak azaldu beharko du iragarkian. Beste edozein aterperen eskubide eta betebeharrak izango dituzte, alegia, hotelena, pentsioena eta kanpinena. Aurretik esanda doa: erregistro horrek lana erraztuko die ogasunei deklaratu gabeko alokairuen aurkako borrokan. Jarduera horretan aritu eta horren berri ematen ez duena legetik kanpo ariko da, eta isunak ordaintzeko arriskua izango du; 10.000 eurotik 600.000 euro artekoak izango dira isun horiek.

PSEk baietz, azken orduan

Gorka Maneiro UPDko legebiltzarkideak iragarpen bat egin zuen atzoko eztabaidan: «Turismorako etxeen arautzea ez da konponduko isunaren mehatxuarekin, jendea izena ematera behartuz». Arantza Tapia Garapen Ekonomikoko sailburua pozik zegoen, ordea, 100.000 enplegu ematen dituen sektoreak bere legea duelako azkenean, eta gobernuaren promesa bete delako legegintzaldi honetan onartuta.

EAJko Luis Javier Telleria ere gustura azaldu zen PSE baiezkora erakarri dutelako, nahiz eta baiezko hori «kritikoa» dela azaldu Susana Corcuerak, «legeak zulo handiak dituelako». Legea onartuko zela segurua zen, EAJk eta EH Bilduk aurreko asteetan hala adostu baitzuten, eta PSE kopetilun batu da baiezkora azken orduan, nahiz eta ez diren aintzat hartu kongresuen turismoaren gaineko bere exijentziak. EH Bilduko legebiltzarkide Iker Casanovak azaldu zuen legeak ez dituela muga handiak ezartzen, etxe turistikoen jabeek «deklarazio bakun bat besterik ez dutelako egin beharko» jardueran jarraitzeko.

Zaila da jakitea jardueraren berri eman gabe zenbat etxe eta gela alokatzen ari diren turismorako Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian, baina Gestha Espainiako Ogasuneko teknikarien elkarteak 28.235 direla kalkulatu du. Azken urteetan turismoak izan duen hazkunde itzelak —EAEko BPGaren %6 inguru da— izugarri handitu du deklaratu gabeko alokairuen kopurua, gehienbat kostaldean, eta modu berezian Donostian; BPGaren %10 inguru da turismoa Gipuzkoako hiriburuan. Gesthak dio 145 milioi eurotik gorako negozioa dagoela alokairu horietan.

Edonola ere, ogasunek arreta handia jartzeko moduko kopuruak islatzen ditu negozioak, eta lege onartu berriak deklaratu gabeko etxe horien kaosa bridatzeko helburua dauka, Turismo sailburuorde Itziar Epaltzak egunkari honi orain gutxi esan dion moduan: «Ordenatzea eta babestea du helburu. Euskadira datozen turisten eskubideak babestu nahi ditugu, helmuga gisa bikaintasuna nahi dugulako, eta lehiatzeko baldintza berak ezarri denentzat sektorean. Legearen bidez bizikidetza babestu nahi da, alokairu batek eragina baitu etxe osoan eta herritarrengan. Etxea turistei alokatzen dienak erregistroan jakinarazi beharko du, jarduera ekonomiko bat duenak bere zergak ordain ditzan».

Bost izarrak eta euskara

EH Bilduk eginiko ekarpenak ere jaso ditu legeak. Langileen eskubideak babestearekin lotua dago bat; soldata txikiak eta sasoikako enplegu ugari dagoen sektore horretan, bere garrantzia izango du turismo legeak hotelei eta bestelako aterpe turistikoei ezarriko dien arauak: lan ikuskaritzaren arabera langileen baldintzak urratzeagatik isunen bat jasotzen badu, izarrak —kategoria— galtzeko bidean jarriko dute enpresa.

Euskararekin lotutakoa da EH Bilduren beste ekarpen bat: bost izarreko hoteletan, bezeroak euskaraz hartzeko gaitasuna izan beharko dute langileek. Gaztelaniak ere bermatuta egon beharko duela jasotzen du legeak, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hizkuntza ofizial ere baden aldetik. Legea onartu ondoren garatu beharko diren arautegi zehatzetan jasoko dira baldintza horiek. Izan ere, legeak erreferentzia orokor bat emango du, eta hori da abstentziora jo duten talde politikoen kritika handiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.