Pentsioen etorkizunari buruzko eztabaida itzuli da gaur Eusko Legebiltzarrera, pentsiodunek azken asteotan egindako mobilizazio kanpaina indartsuaren erdian. EH Bilduk aurkeztutako proposamen bat eztabaidatu du ganberak. Gutxieneko ordaina 1.080 eurora "progresiboki" igotzea planteatu du koalizio independentistak. Europako Gutun Sozialak batez besteko soldataren %60 ezartzen du erreferentzia bezala, eta hortik atera da kalkulua. Pentsio osagarriak kudeatzeko unitate administratibo espezializatu bat sortzea ere jasotzen zuen testuak.
Espainiako erakundeek dute Gizarte Segurantza eta pentsioak arautzeko eskumena, eta Madrilen hartu beharreko erabakien eta Eusko Legebiltzarrean egoera arintzeko har daitezkeen neurrien arteko ezbaida bihurtu da saioa. EH Bilduren proposamenak ez zuen zuzenean aipatzen, baina pentsio txikienak gaur egun osatzeko bidea DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta da. Pertsona bakar bati 732 eurora arte osatzen zaio pentsioa, eta, elkarbizitza unitatean bi badira, 915 eurora arte.
Gobernua sostengatzen duten alderdiek —EAJ eta PSE-EE— ezezkoa emateko argudioa laburbildu du Amaia Arregi legebiltzarkide jeltzaleak: "Ezin dira beste erakundeen gabeziak DSBEaren bidez estali". Eztabaida hori, egitekotan, DSBEaren erreformaren barruan egin beharko dela uste du Arregik. Eusko Jaurlaritzak agindu zuen aurtengo lehen hiruhilekoan aurkeztuko zuela proiektua, baina ez du oraindik egin.
Joan den martxoaren 1ean, pentsioak izan zituen hizpide ganberak. Orduko horretan erdibideko zuzenketa bat adostu zuten alderdi guztiek, PPk salbu, pentsio publikoen eta ordainak inflazioaren arabera eguneratzearen alde. Testu horren balioa aldarrikatu du Jose Antonio Pastor PSE-EEko eledunak. Testu horrek asmo onak bai, baina praktikan ez duela ondoriorik izango erantzun dio EH Bilduko Nerea Kortajarenak: "Asmo on horietatik pentsiodunek ezin dute jan".
EAJ eta PSE-EEren testua, aurrera
Alderdi guztiek aurkeztu dizkiote osoko zuzenketak EH Bilduren testuari. Bozketan, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek elkarri bozkatu diote alde. Eduki ezberdina izanagatik, pentsioak 1.080 eurora igotzeko ideian bat datoz bi koalizioak. Bi testuak bertan behera geratu dira, ordea.
Azkenean, EAJk eta PSEk aurkeztutako proposamena atera da aurrera, PPren aldeko botoak baliatuta. Testuak bi puntu ditu. Lehenbizikoa Espainiako Gobernuari egindako eskaera da, "pentsio sistema publiko nahikoa eta iraunkorra berma dezala, pentsio duin batzuetarako eskubidean oinarrituko dena". Bigarren puntuan eskatzen zaio Eusko Jaurlaritzari jarrai dezala pentsio txikienak DSBEaren 18/2008 legearen bidez osatzen, horren aldaketa tramitatzen den bitartean.