Aurtengo lehen sei hilabeteak onak izan dira Hego Euskal Herriko auto saltzaileentzat, bai behintzat iazkoekin konparatuta. Tarte horretan%25,7 igo dira salmenak. Hurrengo hilabeteei begiratuta, ordea, kezkatuta daude kontzesionarioak. Alde batetik, BEZaren igoerak ekarriko dituen ondorioengatik, eta bestetik, Renove plana amaitu ostean laguntzarik gabe geratuko direlako bezeroak.
«Autoen industriak salmentei eutsiko die uztailean eta abuztuan, baina azken hiruhilekoan %50 ere amil daitezke salmentak», esan du Juan Antonio Sanchez Ganvam saltzaileen patronaleko presidenteak. Haren esanetan, irail horribilis bat espero du sektoreak.
Nafarroan dagoeneko nabaritu dutela joera aldaketa diote saltzaileek. Ekainean, iaz baino %9,7 auto gutxiago matrikulatu dituzte; guztira, 7.677. Hilabete «txarra» izan dela esan dute, datu hobeak espero zituztelako. Hain zuzen, BEZaren igoera saihesteko jende gehiagok erabakiko zuela erosketak aurreratzea uste zuten. Datorren hilabeteetan ere merkatua geratu egingo dela diote, eta urrun geratuko direla azken hilabeteetan izandako %50eko igoerak.
Nafarroan ez bezala, salmentak igo egin dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, hurrenez hurren, %33,5, %19,7 eta %8,6. Nafarroan Renove plana lehenago hasi zela eta merkatua dagoeneko aseta dagoela, hori izan daiteke lurraldeen arteko ezberdintasunaren arrazoia.
Auto motei dagokienez, batez ere merkeak eta karbono dioxido gutxi isurtzen dutenak erosi ditu jendeak azken hilabeteetan. Ekainean saldutakoen artean, %62 kilometroko 120 gramo CO2 baino gutxiago isurtzen dituztenak izan dira.
Lehen seihilekoan %25,7 igo dira auto salmentak Hegoaldean
Hurrengo hilabeteetan merkatua geldituko den beldur dira saltzaileak, BEZa igo eta Renove plana amaitu delako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu