Miguel Angel Lujuak iragarri du etorriko dena: Fagor Etxetresnen egoera larriaren «eztanda uhinak» euskal enpresa eta enplegu arloari eragingo dio, «eta arlo finantzario, instituzional eta sozialera ere iritsiko da». Oraindik goizegi da Fagor Etxetresnen itxiera arriskuak eragin ditzakeen zehar kalteen zerrenda egiteko, baina enpresa hornitzaileetan dardarka daude langile asko. Bereziki,Fagor hornitzen duten Mondragon taldeko kooperatibetako aldi baterako langileak, oraingoz lan barik geratu diren 1.700 bazkideetako zati handi bat birkokatzeak haiei eragiten dielako.
Gaur-gaurkoz, nahasmendua eta zurrumurruak dira nagusi. Eta erabateko isiltasuna, Fagor hornitzen duten Mondragon taldeko kooperatibetan. Orkli, Copreci —Fagor taldekoa—, Tajo, Eika eta Grumal dira horietako batzuk. Kazeta honek jakin duenez, Bizkaiko Lea-Artibai eskualdeko Etxebarrian egoitza duen Eika kooperatiban 50 lanpostu daude kolokan Fagorren itxieraren ondorioz. Aldi baterako beharginak dira denak. Eikako arduradunek, halere, ez dute informazio hori ez baieztatu ez ukatu nahi izan:«Gai honi buruz hitzik ez egiteko aginduak jaso ditugu».
Mondragon taldetik kanpo ere badaude Fagor Etxetresnak hornitzen dituzten enpresak. Horietako batzuekin hitz egiten ahalegindu da BERRIA, baina gehienek ez dute berbarik egin nahi izan. Orga igotzaileen salmenta, konponketa eta alokairuarekin jarduten duen Donostialdeko enpresa batek baino ez du onartu Fagor Etxetresnen egoerak eragin nabarmena izango duela bere fakturazioan. Izan ere, kooperatibarekin orain arte izan duen alokairu eta konponketa itunari esker, 6.000 eurotik gorako sarrerak lortu ditu hilero. Enpresaren izena eman nahi ez duen langile batek azaldu du hainbat makina geratu zaizkiela Fagorren lantegietan.
Baina jakin-mina ez dute soilik lanpostua gal dezaketenek. Etxean Fagorren etxetresnak dituzten askok ere zalantzak dituzte. Zer gertatuko da orain Fagorren zerbitzu teknikoekin?
Zerbitzu teknikoak, martxan
«Argi dugu zerbitzu teknikoak martxan jarraituko duela», azaldu du Gisat kooperatibak. Gipuzkoako kostaldean, ekialdean, Nafarroa iparraldean eta Ipar Euskal Herrian Fagorren zerbitzu tekniko ofiziala eskaintzen du Gisatek —Etxelan arduratzen da Gipuzkoa mendebaldeaz—, eta ez da Mondragon taldekoa. «Garai batzuetan zailtasun bihurtu zenak orain aurrera egiteko aukera gehiago ematen digu», adierazi dute Gisateko ordezkariek. Fagorrekin urtero berritzen dute kontratua, eta orain dena dago airean, baina Fagorrekoek «lasaitasun mezua» bidali diote Gisati, zerbitzu teknikoekin martxan jarraitzeko mezua.
Fagor Etxetresnak dira Gisaten bezero eta hornitzaile nagusiak. Gaur-gaurkoz kontuak «egunean» dauzkatela ziurtatu du zerbitzu tekniko ofizialen kooperatibak, baina aitortu du «zalantza» dela nagusi, eta hemendik aurrera ez dakitela zer gertatuko den. Dena dela, Mondragon taldetik kanpo dagoenez, Fagorren zerbitzu teknikoak eskaintzeko «enpresa berriro bideratzeko ahalmen eta autonomia» duela nabarmendu du Gisatek. «Oraintxe, gehiago gaude erabiltzaileen aldean Fagorren aldean baino».
Fagorren zerbitzu tekniko ez-ofizialak eskaintzen dituzten enpresetan, berriz, kalterik ez dela igarriko uste du Armando Gandara Donostiako Urruti konponketa enpresako langileak. «Horrelako albisteak irakurrita, imajinatzen dut jendeak utzi egingo diola Fagor marka erosteari. Baina ez da arazorik izango konponketetarako. Guk dagoeneko Fagorren pieza gehienak Alemaniako banatzaile bati erosten dizkiogu».
Krisia Mondragon taldean
Leherketaren uhin luzea
Fagor Etxetresnen gainbeherak hornitzaileei erasango die; Eikan, adibidez, 50 lanpostu egon daitezke kolokan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu