Dendek igande eta jai egunetan irekitzeko lege aldetik dituzten muga guztiak kendu nahi ditu Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegiak. Erakunde horretako presidente Javier Berasategiren arabera, enpresaburuen esku egon beharko luke egun horietan saltokia ireki ala ez, eta sindikatuei soilik legokieke egun horietan lan egiteko baldintzak negoziatzea.
Eusko Legebiltzarreko Industria, Merkataritza eta Turismo Batzordean agertu zen atzo Berasategi, datorren urteko asmoen berri emateko. Hor zegoela, «krisiari aurre egiteko neurri gisa» proposatu zuen igande eta jai egunetan dendak askatasunez ireki ahal izatea. Haren esanetan, neurri horrek enpresen arteko lehia bizkortuko luke, eta ekonomiari berari lehiakortasun handiagoa emango lioke.
Indarrean dagoen legediaren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan zortzi igande edo jai egunetan ireki ahal dituzte saltoki handiek. Baina, halakorik ez dute egiten, besteak beste, lau sindikatu nagusiek mobilizazio handiak egin zituztelako hala gerta ez zedin.
Espedienteak
Hain zuzen ere, Lehia Auzitegiak espedienteajakinarazi zien joan den otsailean ELA, CCOO, LAB eta UGT sindikatuei, dendak jai egunetan eta igandeetan irekitzea oztopatzeko akordioa egin ote zuten jakin nahi duelako.
Maiatzean, merkataritza talde handiei ireki zien espedientea, haiek ere ados jarri zirelakoan jai egun bakar batean ere ez zabaltzeko. Eroskik, Carrefourrek,Decathlonek, Ikeak, El Corte Inglesek eta beste hainbatek hamar milioi euroko isuna jaso dezakete horregatik.
Ustezko akordioak ikusirik, enpresen erabakitzeko ahalmena aldarrikatu zuen atzo Berasategik: «Merkataritza legeak dioen moduan, enpresa bat egun jakin batzuetan irekitzea enpresaburuen askatasunen artean dago».
Gai horretan eskumen bakarra aitortu die Berasategik sindikatuei: enpresaburuekin negoziatzea zein baldintzetan lan egingo duten langileek.
Lehia Auzitegiak enpresen esku utzi nahi du igandetan zabaltzeko erabakia
Igandetan saltokiak irekitzeko muga guztiak ezabatzearen alde egin du Javier Berasategik Eusko Legebiltzarrean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu