Lehortea baserritarren aurrezkiak erretzen ari da

Euri faltaren eta beroaren eraginez, belardiak hori egin dira, eta baserritarrek zailtasunak dituzte abereak elikatzeko. Kostuak handitu zaizkie, eta, beren jardunean aldaketa sakonak egin beharko dituztela-eta, kezkatuta daude.

Bi behi, erositako bazka jaten, Urretxun. BERRIA
Bi behi, erositako bazka jaten, Urretxun. BERRIA
Iraia Leon Pego
2026ko irailaren 18a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arrauka blokez beteta dauka artegia Peio Goikoetxea artzainak, Uztegin (Araitz, Nafarroa). Normalean neguan erabiltzen hasten den bazka pilak dira, baina aurten uda erdian erosi ditu, lehorteak sortu duen ziurgabetasunak bultzatuta. Haren kasua ez da apartekoa. Euri faltaren eta beroaren eraginez, belardiak erre egin dira, eta ondorioak nabarmenak dira dagoeneko Euskal Herriko baserri askotan: abereentzako jana eskuratzeko zailtasunak dituzte, eta animaliak ohi baino lehenago jaitsi dituzte menditik.

Urretxuko (Gipuzkoa) paisaiak inoiz baino horiago ikusten ditu Oier Aizpuru abeltzainak. Behiak eta behorrak ditu, eta sanferminen bueltan hasi zen negurako gordetako bazka erabiltzen. «Lehen abuztu bukaeran edo irailean hasten ginen. Aurten, uztailean», adierazi du. Horrek kezka handia sortu dio; izan ere, negurako prestatutako janaren zati bat jada gastatu du, eta ez dago ziur aurrerago beharko duena nondik lortuko duen, ezta zein prezioetan ere.

Uda hasieran hasi ziren arazoak. Ekaineko bero boladek belarraren hazkundea eten zuten, eta azken hilabetetako euri faltak egoera okertu besterik ez du egin. «Normalean uda guztia pasatzen dugu belarrak egiten; aurten berehala bukatu genuen lana, eta lehen 150 bola egiten bagenituen, aurten 50 soilik lortu ditugu», azaldu du Goikoetxeak. «Dena erreta dago, eta belarra berriz hutsetik hasi behar da».

«Normalean uda guztia pasatzen dugu belarrak egiten; aurten berehala bukatu genuen lana, eta lehen 150 bola egiten bagenituen, aurten 50 soilik lortu ditugu»

PEIO GOIKOETXEA Artzaina

Hala, lehorteak eragin zuzena izan du abereak gobernatzeko eran. Izan ere, animaliak urrira arte mendian egon ohi dira, bertako belardietan elikatzen; baina Aizpuruk dagoeneko baserri ingurura jaitsi behar izan ditu, eta Goikoetxeak ere laster jaitsiko dituela aurreikusten du. Menditik haranera jaisteak kostuak handitzen ditu, baina larreetan ez dago nahikoa jan, eta animaliak basora eta toki arriskutsuetara mugitzen dira elikagai bila.

IMG 9226
Peio Goikoetxea, bere artaldearekin, Uztegin. BERRIA

Bazka falta dela eta, baserritarrek aurreko urteetan baino gehiago jo dute kanpora beharrezko jana erostera. Eskaera, beraz, ohi baino askoz handiagoa da, eta horrek prezioak garestitu ditu. «Lehen belar bola batzuk 25 euro inguruan eros zitezkeen; orain 40 eurotik gora daude», azaldu du Aizpuruak. Gainera, lehorteak Europa ia osoari eragin dionez, eskaintza gero eta urriagoa dela ohartarazi du.

«Lehen belar bola batzuk 25 euro inguruan eros zitezkeen; orain 40 eurotik gora daude»

OIER AIZPURU Abeltzaina

Goikoetxeak ere nabaritu du merkatuaren tentsioa. Bazka saltzaileek gero eta eskaera gehiago jasotzen dituzte, Euskal Herritik kanpo ere bai, eta, azaldu duenez, askok prezioa galdetu gabe egiten dituzte eskariak. Horregatik, ahal izan duten neurrian aurrea hartu nahi izan du Uztegikoak, «itxura guztien arabera, neguan are garestiago egongo da eta».

Uraren arazoa ere gehitu zaio bazkarenari, eta mendian dauden animaliek, elikatzeko zailtasunak izateaz gain, zer edan ere ez dute. Aizpuruari dagokionez, ur faltak bete-betean eragin dio, eta mendian zeuden animaliak baserri ingurura jaitsi behar izan dituzte, han behintzat ura bermatua dutelako. «Jan gutxirekin moldatu zaitezke pixka batean; urik gabe, ez».

Oier Aizpuru, uztegian duen bazkari begira, Urretxun. BERRIA
Oier Aizpuru, ukuiluan duen bazkari begira, Urretxun. BERRIA

Aralarren, hainbat astez kamioietan igo behar izan dute ura. «Nik ez dut sekula ezagutu ura horrela igo beharra», azaldu du Goikoetxeak, eta egoerak ekarri duen gastua ere aipatu du: «5.000 euro ingurukoa». 

Horiek horrela, lehorteak baserritarren lana zaildu du, baita garestitu ere. Ekonomikoki egoerari nola aurre egingo dioten kezkatuta daude asko, eta, konponbiderik aurkitu ezean, beren produktuak garestiago saldu beharko dituztela azaldu dute. Prezioen igoera horiek, gainera, aurreko urteetakoei gehituko zaizkie. Goikoetxeak bere gaztaren prezioa hamasei eurotik 26 eurora igo du azken urteetan, bestelako prezio igoeren eraginez —gasolina tartean—.

Urte bakarreko kontua ez bada

Ezinegona ez da uda honetakoa soilik. Bi baserritarrek zuzenean lotu dute aurtengo egoera klima aldaketarekin, eta hortaz, beldur dira ez dela urte bakarreko kontua izango. Arazoa urtero gertatzen bada, ohartarazi dute litekeena dela aldaketa sakonak egin behar izatea, eta ez dute argi zer egin.

«Egokitu egin beharko gara», esan du Goikoetxeak. Hurrengo urteetan ere lehortea izanez gero, ardi ustiategi estentsiboek zailtasun handiak izango dituztela dio: «Urte erdiz soilik ematen dituzte etekinak, eta kanpoan erositako bazkarekin mantendu behar baditugu urte osoan, ez dakit zer egingo dugun».

Aizpuruak ere antzera ikusten du etorkizuna. Ziurtatu du baserritar asko abereak murrizten ari direla, guztiak elikatzeko gai ez direlako, eta, ondorioz, animalien eskaintza handia dagoela adierazi du.

Abereak saltzeko aukera mahai gainean duela aitortu du Goikoetxeak, eta, egoera aldatzen ez bada, bere jarduera moldatu beharko duela: «Agian lana dibertsifikatu edo, ez dakit, beste lanbide bat ere bilatu beharko dut, baina gauzak guztiz aldatuko dira».

Oraingoz, hala ere, ez dute horrelakorik egingo, eta udazkenean egoerak hobera egin dezan espero dute. Euria noiz iritsiko zain daude, baina jakin badakite egun bateko zaparradek ez dutela egoera konponduko. Lurra oso lehor dago, «hormigoia bezala», eta euria egiten badu ere, «denbora beharko da zelaiak berriro berde ikusteko», azaldu du Aizpuruak.

Euria iritsi bitartean, administrazioei neurriak hartzeko deia egin diete baserritarren sindikatuek. Diru laguntzak eta bazka hornidura errazteko planak eskatu dituzte, baina ez dute erantzun argirik jaso. Oraingoz, beraz, baserritarrak beren aurrezkietatik ari dira kostu gehigarriak ordaintzen, datozen hilabeteetako euriek belardiak behar beste bustiko dituztelakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA