Leiho berriak jartzeko laguntzak agindu dituzte administrazioek

Energia aurreztea dute helburu Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren egitasmoek

Donostia
2009ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Leihoak, etxetresna elektrikoak, galdarak eta kaleko argiteria berritzeko premian direnek, orain dute aukera. Bai eta auto zaharra energia efizientzia handiko ibilgailu batengatik aldatu nahi dutenek ere. Eusko Jaurlaritzak iragan astelehenean jarri zituen abian energia aurreztea helburu duten bost Renove planak. Guztira, 8.750.000 euroko aurrekontua du horretarako.

Leihoak berritzeko, lau milioi euro jarriko ditu. Laguntzez baliatu ahal izateko, gutxienez mila euroko gastua egin beharko da, eta familia batek inoiz ez ditu jasoko bi mila euro baino gehiago.

Etxetresna elektrikoak berritzeko, hiru milioi euro jarriko ditu. Laguntzak jasotzeko, A motako edota maila handiagoko etxetresnak erosi beharko dira. Erosten den gailu bakoitzeko, 75 eta 105 euro artean emango ditu Eusko Jaurlaritzak.

Galdarak berritzeko,500.000 euro emango ditu. Galdara zaharra kondentsazio galdara berri batekin aldatzen duenari, gehienez, 200 euro emango dizkio.

Kaleko argiteria berritzeko plana, berriz, udalentzat da, eta milioi bat euroko aurrekontua du.

Azkenik, 250.000 emango ditu bioerregaiak darabiltzaten autoak finantzatzeko. Ibilgailuko, gehienez ere 400 euro emango ditu. Eskaera guztiak abenduaren 31rako aurkeztu beharko dira.

Nafarroako Gobernuak, berriz, 1,7 milioi euro banatuko ditu leiho berriak jarri behar dituzten familien artean. Gutxienez, 1.500 euroko gastua egin beharko dute familiek, eta, gehienera ere, 3.000 euro jasoko dituzte. Urriaren 16tik datorren urteko ekainaren 30a bitartean egiten diren lanak hartuko dira kontuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.