Lisboak lehen langa igaro du

Portugalgo Gobernuak arrakastatzat jo du eskainitako zorraren halako hiru eskatu izana eta %6,7ko interesa pagatzeaBelgikako jarduneko gobernuak dio prest dagoela gastua gehiago murrizteko

Iker Aranburu.
2011ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Nazioarteko salbamenduari izkin egiteko gainditu behar dituen langetatik lehena salto egin duPortugalek. Europako Banku Zentralak emandako bultzadari esker, zor publikoa erraz —baina garesti—saldu zuen atzo Lisboako gobernuak. Espainiaren eta Italiaren txanda da gaur.

Eskaera handia izan du Portugalen zorrak, eskainitakoaren halako hiru eskatu baitiote. Lau urte barru pagatu beharko dituen bonuen bidez 650 milioi euro eskuratu ditu Portugalek. Horren truke, %5,83ko interesa pagatu beharko du, urriaren 27ko enkantean eskaini behar izan zuen %4,04tik oso gora. Hamar urteren buruan itzuli beharreko bonuetan —arriskutsuena testuinguru honetan— 599 milioi euro eskuratu ditu. Interesa handia izan da—%6,71—, baina espero zitekeena baino txikiagoa: azaroan %6,80 pagatu zuen, eta astelehenean %7,3ko interesa ematen zuen epe horretako zorrak inbertitzaileen salerosketetan.

Lisboako agintariek ordain dezaketenaren muga %7an jarri dutenez, lasaitua ezkutatzerik ez du izan Fernando Teixeira dos Santos Portugalgo Ekonomia ministroak: «Jaulkipenaren arrakastak erakusten du Portugalek baldintza egokiak betetzen dituela bere burua merkatuetan finantzatzeko, prezio onargarrietan ez ezik, gaur egungo baldintzetan ere, prezio onetan». Ondorioa «garbia» dela uste du Teixeira dos Santosek: «Ez dugu [kanpoko] laguntzarik behar».

Finantza adituek, ordea, ez dute ministroaren baikortasuna partekatzen. «Merkatuek dagoeneko erabaki dute Portugalek laguntza beharko duela, eta kito», adierazi du Howard Wheeldon BGC Partnersko analistak, Financial Times-en. Era berean baina ironia handiagorekin mintzatu da Gary Jenkins Evolution Securitiesko aditua, The Guardian-en: «Grezian eta Irlandan gertatutakoaren ondotik, politikari batek esatea bere herrialdeak ez duela erreskaterik behar bezain fidagarria da futbol talde bateko presidenteak esatea ez duela entrenatzailea bota behar».

Edonola ere, burtsek ongi hartu dute Portugalek bere zorra saldu ahal izatea: Bilbokoak %4,9 irabazi zuen, Madrilgo Ibexek %5,42, Parisko CACek %2,15 eta Frankfurteko Daxek %1,83. Euroak ere beheranzko joera hautsi du, eta 1,30 dolarretara itzuli da.

Italiaren eta Espainiaren zain

Portugal ez da, ordea, merkatuen jomuga bakarra. Ikusteko dago zer gertatuko den gaur Italiak eta Espainiak zorra jaulkitzen dutenean. Erromako gobernuak bere burua finantzatzeko 6.000 milioi eskatuko ditu, eta 3.000 milioi, berriz, Madrilgoak. Atzo ez ezik, aste osoan zehar gertatutakoak bi gobernuen baikortasuna sendotu du. Japoniak eta Txinak iragarri dute Europako zor publikoa erosten jarraituko dutela, Europako Banku Zentralak ere handitu egin ditu bere zor erosketak, eta Greziak berak uste baino merkeago saldu zituen bonu batzuk.

Berri onak iritsi dira Bruselatik ere. Belgikako Gobernuak aurreratu du bere defizit publikoa EBri agindutakoa baino gehiago gutxitu ahal izan duela: barne produktu gordinaren %4,8koa beharrean, %4,6koa izan da. Horri esker, gainera, zor publikoa BPGaren %100eko muga sinbolikotik behera utzi ahal izan du, %97,2an, alegia.

Belgikaren arazoetako bat da ekainaz geroztik behin-behineko gobernua duela, alderdi flandriarren eta walloniarren desadostasunengatik. Merkatuak lasaitu nahian, Yves Leterme jarduneko lehen ministroak ziurtatu du krisi politikoak ez duela eragotziko neurri ekonomiko gogorrak hartzea gastua gehiago murriztea beharrezkoa bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.