Karey Solano Lodosako (Nafarroa) enpresa itxiko dute, eta bertako 36 langileak kaleratuko dituzte, CCOO sindikatuak jakinarazi duenez. Lantaldearen batez besteko adina 50 urtetik gorakoa da. Behargin gehienak emakumeak dira, eta urte asko daramatzate enpresan. Karey Solano 1967. urtean sortu zuten, Lodosan. Oinetakoen gomazko zolak egiten ditu, Frantziako markentzat bereziki.
CCOOk azaldu duenez, enpresak «irabazi handiak» izan zituen 2023 eta 2024 bitartean, baina stock handia pilatu zuen, eta aurten nabarmen murriztu behar izan du produkzioa. Azken urteetan, gainera, zor handiak pilatu ditu. Hala, ekainaren 25ean hartzekodunen konkurtsoa abiatzeko prozedura aurkeztu zuen, baina, CCOOk salatu duenez, langileen ordezkariek irailaren 9an jakin zuten horren berri. Enpresari «fede txarrez» jokatzea eta «informazioa ezkutatzea» egotzi dio.
Sindikatuaren arabera, zuzendaritzak kaleratzeak egin nahi ditu ahalik eta kalte ordain txikienak ordainduz, Fogasa funts publikoaren bidez. Horrekin lotuta, apirilean enpresak bere egitura aldatu zuela gogoratu du: Karey Solano zatitu eta beste enpresa bat sortu zuen. Jarduera produktiboa Karey Solanon mantendu zuen, baina ondarearen zatia Ebro Activo izeneko enpresa berrira pasatu zuen. CCOOk uste du «maniobra» hori kalte ordainak eman behar ez izateko egin zutela.
Sindikatuak Nafarroako Gobernuari eskatu dio bitartekari lanak egin ditzan.