Aireportuak

Loiuko eta Hondarribiko aireportuek inoizko uztailik onena izan dute

Aurtengo uztailean 679.997 bidaiari izan dira Bilboko aireportuan, iaz baino %17,1 gehiago. Hondarribiko, Forondako eta Noaingo aireportuetan ere datu onak izan dituzte.

Londrestik datorren hegazkin bat Loiuko aireportuan lur hartzen, abenduan. LUIS TEJIDO / EFE
maddi iztueta olano
2023ko abuztuaren 14a
14:33
Entzun 00:00:0000:00:00

Hego Euskal Herriko kaleetan eguzkitako krema baino gehiago ikusi dira aterkiak uztailean, baina uda beroa izan da Hegoaldeko aireportuetan. Inoizko uztailik onena izan dute Loiun: 679.997 bisitari izan ditu aireportuak, iaz hil berean baino %17,1 gehiago. Atzerritik iritsi dira horietatik guztietatik ia erdiak (295.377), iaz baino %37,4 gehiago.

Beste hiru aireportuetan ere —Forondan, Hondarribian eta Noainen— gora egin du bisitari kopuruak. Horien artean, igoera bereziki handia izan da Arabakoan: 34.125 bisitari izan ditu, iaz baino %34,4 gehiago. Hondarribian, berriz, 52.218 bidaiari izan dira (+%20,4), eta 17.820 Noainen (+%12,1). Halaber, Hegoaldeko aireportu guztietako aireratzeek eta lur hartzeek egin dute gora.

Horiek hala, begi bistan da: COVID-19aren pandemiak eragindako etenaren ondoren, goranzko joerari eusten diote Hegoaldeko lau lurraldeetan. Iaz susperraldi nabarmena izan zuen turismoak; Hego Euskal Herriko aireportuetako bidaiari kopurua 2021. urtekoa halako bi izan zen. Eta aurten bildutako datuei erreparatuta, bilakaera antzekoa edo zertxobait hobea izatea espero da. Izan ere, urte hasieratik hona 3 milioi bidaiaritik gora izan dira Loiun (+%29,3).

Badira urte batzuk Miarritzeko aireportuak utzi ziola datuak hilero argitaratzeari. Dauden azkenak 2022. urteari dagozkio. Orduan, 931.698 bidaiari izan ziren Miarritzen, 2021ean baino %53,3 gehiago. Halere, beste %20 handitu beharko luke aurten trafikoak pandemia aurreko datuetara iristeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.