Brexit

Londres eta Brusela 'brexit'-aren faktura adostear daude

Theresa May prest dago 55.000 milioi euro pagatzeko EBtik ateratzeagatik, Erresuma Batuko hedabideen arabera.

Europazaleen protest bat Londresen, joan den astean. ANDY RAIN
Jon Fernandez.
2017ko azaroaren 29a
13:30
Entzun

Negoziazio betean daude egunotan Erresuma Batuko eta Europako Batasuneko ordezkariak, eta aurrerapauso ofizialak datorren astean ematea espero badute ere, dagoeneko itxi dute brexit-aren fakturari buruzko akordiorako oinarria. Halaxe jakinarazi dute Erresuma Batuko hainbat hedabidek atzo eta gaur. Financial Times-en arabera, Theresa Mayren gobernua prest dago 100.000 milioi euro arteko obligazioen ordainketa bere gain hartzeko; nahiz eta zor horren ordainketa garbia, hainbat hamarkadatan egingo dena, erdira jaitsiko litzatekeen.

Ordainketa garbi hori 45.000 eta 55.000 milioi euro bitartekoa izatea onartu du Mayk, The Telegraph egunkariaren arabera. Edonola ere, fakturaren kopuru zehatza itxi gabe lagako dute bi aldeek, apropos. Azken kopurua, beraz, faktura kalkulatzeko erabiliko duten metodologiaren araberakoa izango da, eta interpretaziorako aukea ere zabalik lagako dute. Adostu dutena, hortaz, fakturaren oinarria litzateke, eta hortik gorakoak aurrerago joango dira finduz. 

Chris Grauling: "Ez dugu nahi joan modu txarrean"

Downing Streeteko lehen ministroa datorren astean da EBri eskaintza ofiziala egitekoa, eta espero du, behin fakturaren auzia bideratuta, abenduaren 14 eta 15eko EBko goi bilerak oniritzia ematea brexit-aren negoziazioaren bigarren faserari. Izan ere, bigarren fasean sartu nahi du Mayk, herrialdeak EBrekin etorkizunean izango duen merkataritza harremana adosteko; alabaina, EBko 27ek ez daukate presarik, eta ez dute bigarren pausorik eman nahi lehenengoa ondo eman arte.

Ez daude prest etorkizunaz berbetan hasteko, harik eta dibortzioaren hiru gakoak konpondu arte: irteeraren faktura, herritarren eskubideak eta Irlandako mugaren estatusa.

Londresko gobernuak azaldu du hiru gako horien gaineko negoziazio lan handiak egiten ari direla asteon Bruselan, eta akordioa lortzea espero duela. Halaber, Erresuma Batuko Garraio ministroak gaur goizean BBCn azaldu du herrialdeak "bere obligazioak" beteko dituela EBtik joaten denean. "Argi esan dugu EBko kide bezala ditugun obligazioak beteko ditugula batasunetik joaten garenean. Ez dugu nahi joan modu txarrean, ez ditugu bete gabe utzi nahi kide ginela hartutako gure betebeharrak", zehaztu du Chris Grayling ministroak, eta gaineratu du bere gobernuaren helburua "EBren lagun onak eta auzokide onak" izatea dela, eta "EBrekin merkataritza librea izaten jarraitzea".  

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.