'Brexit'-a

Londresek ezezkoarekin erantzun dio EBren ultimatumari

Europako Batasunak hilabete amaiera arteko epea eman dio Johnsonen gobernuari Irteera Akordioa hautsiko lukeen lege proiektua erretiratzeko. Erresuma Batuko Kabinete ministroak erantzun du ez dutela hori egingo.

Michael Gove, Erresuma Batuko Kabinete ministroa. FACUNDO ARRIZABALAGA / EFE
Irune Lasa.
2020ko irailaren 10a
20:40
Entzun

Ez da giro Erresuma Batuko gobernuaren eta Europako Batasunaren artean. Bi aldeen arteko etorkizuneko merkataritza harremanak adosteko negoziazioak oraindik ez dira ofizialki hautsi, eta bihar amaituko da, ostiralarekin, zortzigarren negoziazio itzulia, baina osteguna ez da lagungarri izango brexit bigun baterako. 

Gaur goizean bildu dira, Europako Batzordearen eskariz, Maros Sefcovic batzordeko presidenteordea eta Michael Gove Erresuma Batuko kabinete ministroa. Sefcovicek, bertan, ultimatum argia eman dio Goveri: irail amaiera arteko epea dauka Boris Johnsonen gobernuak barne merkatuari buruzko bere lege proiektua erretiratzeko. Europako Batzordearen eta Batasuneko hainbat herrialderen ustez, proiektu horrek hautsi egiten ditu bi aldeek sinatutako brexit-erako akordioaren hainbat puntu, batez ere Ipar Irlandari dagozkionak. Horrez gain, Ostiral Santuko bake Akordioa bera ere arriskuan jarriko dutela uste dute. 

Londresek hautsiko lukeen Irteera akordio horretan oinarrituz utzi zuen Erresuma Batuak Europako Batasuna. Orduan trantsizio epe bat hasi zen, etorkizuneko merkataritza harreman berria adosteko tartea izateko. Trantsizio epea abenduaren 31n bukatzen da, eta negoziazioak ez doaz bide onetik. Besteak beste, Ipar Irlandari lotutako estatu laguntzak eta arrantzatokiak dira gai problematikoak. 

Maros Sefcovicek Goveri esan dio lege proiektua erretiratzen ez badu EBk auzibidera joko duela Erresuma Batuaren kontra. Berehala jaso du kabinete ministroaren erantzuna, bai zuzenean, bai zeharka Sky News telebistan egindako elkarrizketan: «Argi azaldu diot ez dugula proiektua erretiratuko».

Dena den, Erresuma Batua, eta gobernuko alderdi kontserbadorean bertan ere, ez datoz guztiak bat Irteera Akordioa hausteko asmoekin. Erresuma Batuan sinatutako akordioak hausten dituen herrialde gisa agertu dela uste du, adibidez, Theresa May lehen ministro ohiak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.