LPEEk eta aliatuek euren erritmoari eutsiko diote, Joe Bideni muzin eginez

Abenduan, aurreikusitako igoera egingo dute ekoizpenean. Saudi Arabiaren arabera, energia krisi honetan «arazoa ez da petrolioa»

Saudi Arabiako Energia ministro Abdulaziz bin Salman, artxiboko irudi batean. CHRISTIAN BRUNA / EFE.
Irune Lasa.
2021eko azaroaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Eurenari eutsiko diote Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeak eta haren aliatuek (Errusia tartean), eta abenduan eguneko 400.000 upel petrolio gehiago ekoitziko dituzte. Beraz, alde horretatik behintzat ezin daiteke espero jaitsiera handirik upelaren prezioan.

Maiatzaz geroztik, ekoizleen kartela produkzio helburuari eguneko 400.000 upeleko koska gehitzen ari da hilero. Pandemiak eskaria eta upelaren prezioa amildu zituenez, suspertze globalean upelarentzat neurrizko prezioa nahi dute ekoizleek, eta gehiegi ekoizteak prezioa merkatuko luke. Horrekin batera, ekoizleek diote zuhurtasunez jokatu nahi dutela, suspertzea eta petrolio eskaria oraindik ere COVID-19aren bilakaeraren mende daudelako.

Atzoko erabakia Joe Bidenentzako ezezko bat da, de facto. Upela 85 dolarren inguruan dago, eta, inflazioarekin oso kezkatuta dagoen honetan, Bidenek dei garbia egin dio azken egunetanLPEEri, produkzioa gehiago handitzeko. AEBetako presidenteak nahi zuen LPEEk eta aliatuek erabaki zezatela eguneko 600.000-800.000 upel gehiago ekoiztea abenduan.

Hori guztia esanda, ez dira soilik AEBak aritu presio egiten. Japonia eta Indiaren pareko herrialde kontsumitzaileak kezkatuta daude upelaren prezioaren gorakadarekin, eta publikoki egin diote eskaera ekoizle kartelari, produkzioa gehiago handi dezan. Petrolio gehien kontsumitzen duten herrialdeen zerrendan laugarrena da Japonia, eta India, berriz, hirugarrena. Sektoreko analistek diote Txinak ere beste kontsumitzaile handiak presio egin duela, baina bide diplomatikoak bakarrik erabilita.

Erruduna, gasa

Oraingoz, ordea, itxaron egin beharko dute nahi besteko produkzio igoera bat ikusteko. Saudi Arabia boteretsua, esaterako, ez da ulerbera agertu herrialde kontsumitzaileen kezkak ikusita, eta atzo esan zuen petrolioa ez dela egoeraren erantzulea: «Petrolioa ez da arazoa. Arazoa kaosa eta infernua igarotzen ari den energia konplexua da», esan zuen Abdulaziz bin Salman Energia ministro saudiarabiarrak. «Norbaitek energia krisiaren egiazko arrazoiari arreta jarri nahi badio, begira dezala Europarako eta Asiarako gas naturalaren horniduran eta azpiegituretan».

Erreserba estrategikoak

Energia ministroen bilera bukatu bezain laster iritsi zen AEBen erantzuna, eta LPEEri eta aliatuei suspertze globala arriskuan jartzea leporatu zieten; Segurtasun Nazionaleko eledunak esan zuen «energiaren inguruko tresneria guztia» erabiltzeko prest dagoela, ikusita LPEEk ez duela «bere ahalmena erabili nahi garai giltzarrian».

Baina argitzeko dago AEBek neurririk hartuko duten LPEEri eta Errusiari erantzuteko. Neurri bat herrialdearen petrolio edo gasolina esportazioak etetea litzateke; AEBak dira munduko lehen petrolio ekoizleak, baina ia ezinezkotzat jotzen da. Litekeena da AEBek, Indiak eta Txinak elkar hartzea euren petrolio erreserba estrategikoak merkaturatzeko, eta, hala, upelaren prezioa jaitsarazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.