LPEEk petrolio produkzioa jaisteak ez du upela garestitzea ekarri

Brent upelaren prezioa ehun dolarren azpitik mantendu da bi egunean, bost hilabetean lehen aldiz

jakes goikoetxea
2008ko irailaren 11
00:00
Entzun
Petrolioaren Brent upelak ehun dolarretik beherako prezioa izan zuen herenegun (98,89), bost hilabetean lehen aldiz. Astearte gauean bertan Lurralde Petrolio -Esportatzaileen Erakundeak (LPEE) egunero 520.000 petrolio upel gutxiago ekoiztea onartu zuen. Erabakiak ez zuen Brent upelaren prezioaren berehalako igoerarik eragin eta ehun dolarren azpitik mantendu zen. Atzo,19:30ean, Londresko merkatuan 99,15 dolarrekoa zen Brent upelaren prezioa. Brent upela da Europan erreferentzia. Ez da petrolio merkea. «Ehun dolarretan, petrolioaren prezioak oso altua izaten jarraitzen du», esan zuen atzo David Fyfek, IEA Energiaren Nazioarteko Agentziako merkatuen buruak.

Munduko petrolio eskaintza eskaria baino handiagoa da, eta azken hilabeteetan Brent upelaren prezioak behera egin du, uztailaren 11n goia jo zuenetik: 147,50 dolar upela. IEA bera «harrituta» dago petrolioak halako prezio altuetanirauteko duen gaitasunagatik.

LPEEk ekoizpena murriztea erabaki zuen herenegun gauean, Vienan, erakundearen bileraren aurretik zeuden aurreikuspenen kontra. Praktikan, ordea, ez da izango LPEEko herrialde bakoitzari dagokion produkzioaren murrizketa, ezarritako produkziotik gora ekoitzitako upelen murrizketa baizik.

LPEEk produkzio muga bat ezarri zien erakundeko 13 herrialdeei uztailean. Herrialde batzuek muga horren azpitik ekoizten dute, baina beste batzuek goitik. Abdala Salem El Badri LPEEko idazkari nagusiaren esanetan, soberakina 520.000 upelekoa da egunean, eta gehiegi produzitzen dutenek kopuru hori gutxitu beharko dute. LPEEko herrialdeek eguneko produkzio muga 29,67 milioi upeletik 28,8 milioira jaistea erabaki zuten herenegun Vienan. Alegia, iazko irailean ezarritako mugetara itzultzea.

Upelen produkzio murrizketa urrian hasiko da, eta Saudi Arabiari eragingo dio batez ere,AEBen presiopean petrolio produkzioa handitzea erabaki baitzuen uztailean, petrolioaren prezioak oso altuak zirenean. Venezuelak eta Iranek herrialdeei dagozkien produkzio mugak jaisteko eskatu zuten bileraren aurretik, baina LPEEko gainerako herrialdeek ez zuten eskaera aintzat hartu.

Erantzuteko prest

LPEEk bileraren ostean ohartarazi zuen bere esku dagoela «berehala erantzutea» petrolioaren merkatua edo «bere interesak» arriskuan jarriko lituzkeen zerbait gertatuz gero.

LPEEk munduko petrolio ekoizpenaren %40 inguru kontrolatzen du, eta Saudi Arabia da bertako ekoizle nagusia: 9,5 milioi upel egunean, LPEEko herrialdeek ekoizten dutenen %29,1.

Moteltze ekonomikoak eta petrolioaren garestitzeak petrolio eskariaren igoera moteldu egin dute. IEAk uste du petrolio eskaria urtetik urtera handitu egingo dela munduan, baina murriztu egin ditu 2008rako eta 2009rako egin zituen eskariaren aurreikuspenak: 100.000 upel gutxiago egunean aurten, eta 170.000 gutxiago 2009an. IEAren arabera, OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko herrialdeetan iaz baino 800.000 petrolio upel gutxiago kontsumituko dituzte aurten egunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.