LPEEk petrolioaren produkzioari eta prezioei eutsi nahi die 2010era begira

Upeleko prezioa 70-80 dolar artekoa bada eroso daudela onartu dute erakundeko arduradunek, gaur Angolan bildu aurretik

jakes goikoetxea
2009ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Urtea nola joan den ikusita, gaitz erdi, pentsatzen du Lurralde Petrolio-Esportatzaileen Erakundeak (LPEE). Urrun geratu dira urte hasierako petrolioaren prezioak: Brent upela 40 dolar baino gutxiago ordaindu zen iazko abenduan eta 40-50 dolar artean aurtengo lehen hilabeteetan. Horregatik, gaur egun Texas eta Brent upelak 70-80 dolar artean dabiltzala ikusita, prezioari eta produkzioari eustea erabakiko du gaur, Luandan egingo duen ezohiko bileran.

Abdalla El-Badrik, LPEEko idazkari nagusiak, Luandara iritsi berritan argi eta garbi esan du: «Guztiok bat gatoz, ez da aldaketarik izango. Prezioari begiratuz gero, oso erosoa da». Berarekin bat dator Alexander Pogl, JBC Energy aholkularitza enpresako aditua. «Oraingoz, LPEE ondo sentitzen da horrela, eroso dago upeleko 70-80 dolar arteko prezioekin», esan du. «Prezio horiek nahikoak izan beharko lukete herrialdeek behar dituzten diru sarrerak bermatzeko eta munduko ekonomiaren suspertu ahal izateko».

Ali I. Naimik, Saudi Arabiako Petrolio ministroak, gehitu du prezio hori ez dela beraien nahia bakarrik, baizik eta baita «guztiek» nahi dutena ere. Inork ez ditu nahi petrolioak iazko uztailean lortu zituen prezioak, 150 dolar ingurukoak upeleko.

LPEEk berak onartu du aurtengoa petrolio eskariaren urte «txarrenetakoa» izan dela, krisiaren ondorioz kontsumoa asko murriztu baita: 1,4 milioi upel gutxiago egunero, iaz baino %1,62 gutxiago. Horregatik, upelaren prezioa 70-80 dolar artean dagoela ikusita, prezioei eutsi nahi die.

Hala ere, petrolio produkzioa ekonomiaren bilakaeraren menpe dago. LPEEk uste du 2010ean petrolioaren produkzioari eta prezioei eutsi ahal izango zaiela,Txinak, Indiak eta gora bidean diren beste herrialde batzuek petrolio eskaria handituko dutelako. Urtearen bigarren erdian batez ere, lehen erdian eskaintza eta eskaria «ahulak» izango baitira.

AEBei begira

Baina LPEEk berak onartu du neurri handi batean Ameriketako Estatu Batuei (AEB) begira dagoela, AEBk baitira munduko petrolio kontsumitzaile handienak: AEBk kontsumitzen dute munduko lau upeletik bat. AEBek 332,4 milioi upel dituzte biltegietan, iaz garai berean baino %2,9 gehiago.

LPEEren arabera, 2010ean petrolio kontsumoa 800.000 upeletan handituko daegunero, oso gutxi alegia. Eskariaren hazkunde guztia Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundetik kanpo (OCDE) dauden herrialdeetan gertatuko da.

Nazioarteko Energia Agentziak hazkunde handiagoa espero du, 1,5 milioi upel gehiago egunero. LPEEtik kanpo dauden herrialdeek egunero 300.000 upel gehiago ekoiztea espero dute.

Iaztik aurtengo urtera munduko petrolio eskaera %1,62 murriztuko da, LPEEren arabera. 2010ean, berriz, bi urteko jaitsiera «suntsitzailearen» ostean, ia %1eko hazkundea espero du (%0,98).

Dena den, hainbat faktorek erasaten diote munduko petrolio kontsumoari: prezioak eskarian izango duen eraginak, eguraldiak, bioerregaien bilakaerak, energia berriztagarrien hazkundeak, dolarraren sendotasunak... Petrolioa dolarretan salerosten da, eta, dolarra ahul egonez gero, petrolio erosketak bultzatzen ditu.

Baina ekonomiaren suspertzea espero baino ahulagoa izanez gero, petrolio produkzioa murriztu egin beharko dute.Baita herrialde aberatsek biltegietan duten upel kopurua oso handia bada ere. Duela urtebete produkzioa murriztu zuten: 4,2 milioi upel gutxiago egunero. Eguneko 24,8 milioi upeleko kuota ezarri zuen, erakundea osatzen duten herrialde guztien artean osatu beharrekoa. Hala ere, kuotaren kontrola ez da zorrotza eta Irak kuota horretatik kanpo dago. Beraz, produkzio erreala ezarritakoa baino handiagoa izan ohi da.





############



LPEE

Izena: Lurralde Petrolio-Esportatzaileen Erakundea.

Sorrera urtea: 1960, Bagdaden.

Egoitza: Vienan.

Herrialdeak: Angola, Aljeria, Arabiar Emirerri Batuak, Ekuador, Iran, Irak, Kuwait, Libia, Nigeria, Saudi Arabia, Qatar eta Venezuela. Indonesia ere izan zen LPEEko kide, baina jada ez da.

Garrantzia: Munduko petrolioaren %40 eta gas naturalaren %15 inguru ekoizten dute; esportatzen den petrolioaren %55 inguru berena da; eta beren esku daude petrolio erreserben %60 inguru.

Helburua: Petrolio politikak koordinatzea eta bateratzea, «petrolio merkatua egonkortzeko eta petrolio ekoizleek beren inbertsioengatik arrazoizkoordaina jasotzeko».

Prezioa: Petrolioaren prezioa beren interesen araberakoa izan dadin saiatzen dira, petrolioaren produkzioa eta eskaintza kontrolatuz.

Webgune ofiziala: www.opec.org





############
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.