Lur Berrik ez du arto hazi transgenikorik salduko maiatzaren 7ra arte

Kooperatibak eta transgenikoen kontrakoek akordioa lortu dute gaur. Okupatzaileek eguerdian bukatu dute itxialdia Aiziritzen, baina ekintzekin segitzeko asmoa daukate. Maiatzaren 6an Frantziako Presidentetzarako haustekundeetarako bigarren itzulia izango da.

2007ko apirilaren 19a
19:37
Entzun 00:00:0000:00:00
Lur Berri kooperatibak eta transgenikoen kontra itxialdian egon direnek akordioa lortu dute gaur eta, horren arabera, kooperatibak ez du arto hazi transgenikorik salduko eta banatuko maiatzaren 7ra arte. Hain zuzen, aurreko egunean izango da Frantziako Presidentetzarako haustekundeetarako bigarren itzulia, eta ikusi egin behar zer pasatuko den, emaitzak transgenikoen gaian zerikusia izan dezakeelakoan.

Lehengo ostiraletik egon dira itxialdian hamaika lagun Lur Berriren egoitzan, Aiziritzen (Nafarroa Beherea). Gaur 12:00etan atera dira handik; 130 bat zeuden orduan. Hainbat eta hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialen babesa jaso dute egun hauetan.

Okupatzaileen ustez, akordioa "garaipen neurtua da, ez garaipen osoa". Oraingoz, Lur Berrik behin betiko utzi ez dionez arto hazi transgenikoak erein eta saltzeari, okupatzaileek ekintzekin segituko dutela iragarri dute. Astelehenean bilera eginen dute Heletan (Nafarroa Beherea), zer neurri hartu erabakitzeko. Egunotan Aiziritzen egindakoarekin gizartean lehen ez zegoen eztabaida jartzea lortu dutela uste dute, eta horretan sakontzeko asmoa daukate orain.

Abokatuen kolektiboa osatu berri dute (dagoeneko 21 kide daude), eta Ipar Euskal Herriko beste abokatuei taldean sartzeko eskaera egin diete, baita salaketak jartzeko ere kutsadura kasuetan.

Halaber, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako auzapez denei gutuna igorri diete, arto hazi transgenikoen ereitearen eta salmentaren aurka ager daitezen eskatuz. Oraingoz, 61 auzapezen sostengua dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.