Asteak daramatzate protestan Lurautoko hiru ordezkaritzetako langileek. Orain, elkarrekin mobilizatzea erabaki dute. Igandean batuko dira Hondarribian (Gipuzkoa), auto kontzesionarioen enpresak bi hilabeteko soldatak zor dizkiela salatzeko, eta enpresaren kudeaketa okerra gaitzesteko. Lurautok BMW eta Mini marketako hiru auto saltoki ditu, Oiartzunen (Gipuzkoa), Leioan (Bizkaia) eta Noainen (Nafarroa), eta ehun langiletik gora.
Aritz Matias Oiartzungo langile eta LABeko ordezkariak esan du «kudeaketa txarrek eta inbertsio txarrek» Lurauto egoera ekonomiko larrira eraman dutela. «Jabeak kiebrara eraman nahi gaitu, eta inori ez ordaindu», gaineratu du, eta azaldu du zorrak handiak direla, eta «jabea bezeroaren diruarekin jokatzen aritzeagatik» gertatu dela hori.
Azken hilabetetan egin du eztanda egoerak, eta Oscar Alkatek, Noaingo langileak eta ELAko ordezkariak, nabarmendu du bezeroak kaltetuak izan direla: «Auto batzuk ordainduta daude, baina ezin ditugu matrikulatu; aukerako auto batzuk ere salduta daude, baina ez zaizkio jabeari eskualdatu, eta tailerrean badaude konpontzeko dauden autoak, baina ezin ditugu konpondu enpresak ez duelako dirurik pieza berriak erosteko ere. Bezeroak etxera bidali behar ditugu, ezin dugulako ezer egin».
«Enpresak ez du dirurik pieza berriak erosteko ere. Bezeroak etxera bidali behar ditugu, ezin dugulako ezer egin»
OSCAR ALKAT (ELA)
Hainbat protesta antolatu dituzte langileek azken egunetan. Horietan salatu dute ez dutela oraindik abuztuko eta iraileko soldata jaso. Alkatek esplikatu du langile batzuk beste enpresa batzuetara joan direla, «enpresarekin kontratua izanda ere eramanezina zaielako horrela jarraitzea», eta gehitu du joaten diren langile horiek enpresak ez dituela ordezkatzen.
Lurauto eta BMW
Egoeraren bere ikuspegia azaltzen saiatu da Matias: «BMW Espainiako nagusia eta Lurautoren jabea lagun minak dira. BMWk salaketa eta kexa ugari ditu hemen, baina Espainiako BMWk ez du nahi jabe horien lanpostuak galdu, eta, aldi berean, ez du nahi Alemania honetaz guztiaz konturatzea. Denbora irabazi nahi dute jabeari kontratua amaitu arte. Bitartean, enpresa kontzesionarioa beste jabe bati saltzen saiatzen ari da». Nafarroan ikus daiteke hori. Alkatek jakinarazi du Noaingo Lurautoko instalazioaren zati bat Gipuzkoako Easo Motor taldeak hartu duela, Hyundai markarako; «tailerrik gabe geratu gara», dio ELAko ordezkariak.
Handiak dira Lurautok dituen zorrak. «Hitz egiten ari gara hogei milioi eurotik gorako zorrak direla. Geroa funtsari 3,4 milioi euro zor dizkio, hau da, enpresa ez da ordaintzen ari langileengatik Geroari ordaindu beharrekoa», nabarmendu du Matiasek. «Bankuari ere diru asko zor zaio», gehitu du, eta esan du «BMW Iberica kikilduta» dagoela, hain zuzen, Espainiako BMWren jabea dena. «Horrek ez du esku hartzen, konponbidea beste modu batera aurkitu nahi duelako: kontratua hautsita edo kontratua amaituta», iritzi du LABeko ordezkariak.
«Hogei milioi eurotik gorako zorrak dira. Geroa funtsari 3,4 milioi euro zor dizkio, hau da, enpresa ez da ordaintzen ari langileengatik Geroari ordaindu beharrekoa»
ARITZ MATIAS (LAB)

Alkatek, berriz, susmoa du Lurautok BMWri «kreditu asko» eskatu dizkiola, eta BMWk «ahalik eta gehien berreskuratu» nahi duela orain. «Jarduerarekin ez du ezer berreskuratuko, eta instalazioak salduta ere ez dut uste dena berreskuratuko duenik. BMW luxuzko marka da, eta markarentzat txarra izango litzateke Gipuzkoan eta Nafarroan zerbitzurik ez izatea. Beraz, markari geratzen zaion irtenbide bakarra norbaitek erostea da».
Enpresak eta markak erritmoa moteldu nahi duten honetan, langileek azkartu egin nahi dute abiadura. Biek azaldu dute ez dutela begi onez ikusten greba mugagabera jotzea; izan ere, iruditzen zaie mesedegarria izan daitekeela jabearentzat eta zuzendarientzat.