Lurraldeetako lan hitzarmenei lehentasuna emateko legea eskatu dute ELAk, CIGek eta Intersindicalek

Aitortu dute ez dakitela zertan dagoen gaia Espainiako Kongresuak dekretua atzera bota zuenetik.

lurraldeetako hitzarmenak
Lurraldeetako lan hitzarmenen lehentasunaren aldeko manifestazio bat, Madrilen, artxiboko irudi batean. Beste sindikatu batzuek ere deitu zuten. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iker Aranburu.
2024ko otsailaren 12a
12:45
Entzun

Hilabete igaro da Espainiako Kongresuak atzera bota zuenetik lurraldeetako lan hitzarmenei lehentasuna ematen zien dekretua. Pedro Sanchez presidente izendatzearen truke EAJk jarritako baldintza bat izan zen, eta bidean geratu zen eskuinaren ezezkoari Podemosena batu zitzaiolako, azken hori ez zegoelako ados dekretu horrekin zekarren beste gai batekin: langabezia subsidioaren erreforma.

Euskal sindikatuek alarmak piztu gabe hartu zuen Madrilgo kolpea, ziur baitzeuden neurri horrek aurrera egingo zuela beste modu batean. Baina ez dute mugimendurik ikusi. «Ez dakigu gaur egun auzia zer egoeratan dagoen», aitortu du ELAk, Galiziako CIG eta Kataluniako Intersindical sindikatuekin batera argitaratutako agiri batean.

Horregatik, Sanchezi eta Yolanda Diaz Lan ministroari eskatu diete «ahalik eta lasterren» aurkezteko hitzarmen propioen lehentasuna finkatzen duen lege proiektu bat, «beste neurriekin nahastu gabe, eta are gutxiago murrizketekin». Izan ere, hiru sindikatuak haserre daude Espainiako gobernuek hainbat neurri dekretu bakarrean batzeko duten «ohitura antidemokratikoarekin».

CCOOren eta UGTren jarrera

ELA, CIG eta Intersindicalen arabera, CCOOk eta UGTk «beti zentralizatu nahi izan dute estatu mailako negoziazio kolektiboa», eta ontzat hartu zuten Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuak 2010ean Langileen Estatutua aldatu izana Espainiako itunei lehentasuna emateko.

Sindikatuek uste dute neurri horrek kalte egiten diela Hego Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako langileei, besteak beste Espainiako hitzarmenek gutxieneko edukiak zituzten hitzarmenak izateari utzi ziotelako eta, «kasu batzuetan, maximoen hitzarmen» bihurtu zirelako, beste eremu batzuetako baldintzak hobetzea eragotzi zutenak. «Estatuko hitzarmenak, CCOO eta UGTkoak ez diren gehiengo sindikalak dituzten lurraldeetako hitzarmenekin alderatuta, askoz ere okerragoak dira edukietan. Estatuko hitzarmen horiek patronalaren neurrira egindako formula bat dira, prekaritatea hedatzeko eta haren onurak maximizatzeko. Horrela bakarrik ulertzen da Espainiako patronalaren jarrera eta haren ‘merkatu batasunaren’ defentsa».

Hori dela eta, ELAri, CIGi eta Intersindicali iruditzen zaie lan baldintzak hobetzeko bide bat dela lurralde hitzarmenen lehentasuna berreskuratzea, baina baita «demokrazia eta errespetu» kontu bat ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.