Jokoan ziren hiru dekretuetatik bi salbatu ahal izan ditu Espainiako Gobernuak

JxCren abstentzioari esker, garraiorako laguntzak eta zerga murrizketak jasotzen dituen dekretua berretsi du Espainiako Kongresuak. Podemosen aurkako botoak eten egin du langabezia subsidioaren erreforma eta lurraldeko lan hitzarmenerako lehentasuna.

Miriam Nogueiras
Miriam Nogueiras JxCren diputatua, asteazken honetan. MARISCAL / EFE
Jokin Sagarzazu
2024ko urtarrilaren 10a
18:40
Entzun

Lehenengo aukeran ikusi du Pedro Sanchezek hurrengo lau urteetan gobernatzeak buruhauste franko eragingo dizkiola. Haren inbestidurari bide eman zioten alderdi batzuek ez dute aukera galdu haien babesa bermaturik ez dutela gogorarazteko, eta azken uneko negoziazio batzuen bitartez baizik ez du lortu jokoan zituen hiru dekretuetatik bi onartzea, tartean garraiorako deskontuak eta BEZ zerga murriztuak jaitsierak ezartzen dituena. Bidean geratu da, berriz, langabezia subsidioaren erreforma eta Hego Euskal Herriko lan hitzarmenei Espainian izenpetutakoen gainetik lehentasuna ematen zien dekretua, horren aurkako botoa eman baitu Podemosek.

Espainiako Diputatuen Kongresuan eraberritze lan batzuk egiten ari direla eta, diputatuek Senatuaren eraikinean egin dute osoko bilkura, 2024. urteko lehenengoa. Ez da bilkura arrunt bat izan, diputatuen esku baitzegoen iazko azken asteetan Sanchezen gobernuak onartutako hiru dekretu berrestea edo horiek atzera botatzea. Oso molde desberdineko arauak ziren, eta gobernuaren aliatuek kritikatu dute arau horiek hiru dekretutan batu izana. «Kafea denentzat hark dagoeneko ez du balio», esan du Idoia Sagastizabal jeltzaleak.

Bozkatzeko orduan, Sanchezen inbestidura babestu zuten taldeen artean bi bloke bereizi dira. Batetik, dekretu guztien alde bozkatu dutenak izan dira, kritika arinekin bada ere, argudiatuta haien barruan zeuden neurriak oro har onak zirela herritarrentzat. Talde horren barruan izan dira EH Bildu, EAJ, ERC, BNG eta Koalizio Kanariarra.

Bestetik, gobernuarekiko distantzia bat hartzea hobetsi dutenak izan dira: Junts per Catalunya (JxC) eta Podemos. Azken horrek krisiaren aurkako neurrien aldeko botoa eman du, gobernuak onartu duelako dekretua lege proiektu gisa tramitatzea eta horietan hainbat aldaketa egitea. Besteak beste, alokairuak gehienez %2 handitzen eta supermerkatuen irabazi tartea mugatzen saiatuko dira Podemoseko kideak. Justiziaren erreforma eta ekonomiarekin zerikusirik ez zuten beste gai batzuk biltzen zituen dekretua ere onartu dute, eta, horri esker, Europako Batasuneko funtsetatik 10.000 milioi euroko ordainketa bat jaso ahal izango du Espainiak.

Baina subsidioaren erreforma dakarren dekretuaren aurkako botoa eman du Podemosek, eskuineko oposizioarekin batera. «Zoritxarrez, gobernuak ez du atzera bota pentsioen murrizketa, eta, geure borondatearen aurka, ezin dugu aldeko botorik eman», argudiatu du Ione Belarra Podemoseko idazkari nagusiak. Erreforma horrek 480tik 570 eurora handituko du langabezia subsidioa —prestazioa amaitutakoan jasotzen den laguntza—, baina txikitu egingo du subsidio horren erretirorako kotizazioa, eta hori nahikoa arrazoi iruditu zaio Podemosi aurkako botoa emateko.

JxCren azken orduko aldaketa

JxCk, berriz, goizetik adierazi du ez zuela lege dekretuen aldeko botorik emango, eta ezezko botoa emango zuela iradokira iritsi da. Gobernuak beren babesa nahi izanez gero derrigorrezkoa duela gai guzti-guztiak haiekin negoziatzea aldarrikatu dute Carles Puigdemonten taldekideek, eta hori gertatu da. Elkarrizketa horiek azken uneraino iraun dute, eta, azken unean fruitua eman dutenez, JxCko zazpi diputatuek ez dute bozketetan parte hartu, eta horrela erraztu dute gobernuaren lana. 

Alderdiak agiri baten bitartez jakinarazi duenez, hau lortu dute: garraio publikoaren deskontu osoa estatuak bere gain hartzea, olioaren BEZa %4tik %0ra jaistea, auzipetzeko kriminaleko legearen 43. artikulua bertan behera geratzea —independentisten amnistia traba zezakeela uste zuen—, immigrazioari buruzko eskuduntzak Generalitatearen esku uztea, eta balantza fiskalak argitaratzea —Katalunian zergetan biltzen denaren eta gero itzultzen denaren arteko aldea—.

Atzera botatako neurriak hauek dira:

Subsidioak

Langabezia saria amaitua zaienek jasotzen duten subsidioaren igoera jasotzen zuen dekretua atzera bota dute. Haren bidez, sari hori orain arte salbuetsita egon diren kolektiboetara zabaldu nahi zuten, hala nola beren kargura seniderik ez duten 45 urtetik beherakoetara. Eta zenbatekoa 480 eurotik 570 eurora igoko litzateke lehen sei hilabeteetan, eta 540 eurora hurrengo seietan. Podemosen arabera, 52 urtetik gorakoen kasuan, subsidio jasotzen dutenen kotizazioak murriztu ditu gobernuak, eta horregatik eman du aurkako botoa.

Hego Euskal Herrian 26.000 lagunek jasotzen dute subsidioa.

Horrekin batera, bigarren dekretuak kontziliaziorako neurri bat jasotzen zuen: langile guztiei aukera ematen die edoskitze baimenak metatzeko.

Lan hitzarmenak

Halaber, lan hitzarmenekin lotutako beste neurri garrantzitsu bat ere bada arau horretan, eta ez da oraingoz indarrean jarriko: lurraldeetakoak estatukoen gainetik jartzea. EAJk Pedro Sanchezen inbestidura babestearen truke jarritako baldintzetako bat zen hori. 2021eko lan erreformatik kanpo geratu zen.

Onartutako neurriak hauek dira:

Europako funtsak

Hirugarren dekretuak, berriz, Europako funtsen laugarren ordainketa eskuratzeko falta ziren erreformak jasotzen ditu: adibidez, justiziarekin, tokiko araubidearekin eta funtzio publikoaren legearekin lotutakoak. Onartu dutenez, erreforma horiei lotutako Europako funtsetako 10.000 milioi euroak jasoko ditu Espainiako Gobernuak. Hala ere, azken hitza Europako Batzordeak izango luke.

Garraioa eta elikagaiak

Aldiriko trenek eta distantzia ertaineko trenek ez diote doakoak izateari utziko, eta hiri garraioak diru laguntzak jasoko ditu — %30eko deskontua, eta udalek eta aldundiek gehitzen zuten beste %20 —. 

Ogiaren, barazkien eta oinarrizko elikagai batzuen BEZak %0an jarraituko du, eta oliba olioarena ere maila horretara jaitsiko da, gobernuak Junts per Catalunyarekin adostu duenez. 

Energia

Argindarraren eta gasaren BEZa %5etik %10era igaro zen urtarrilean, eta hala jarraituko du urtebetez, eta ez ohiko %21era. Era berean, indarrean jarraituko du bonu sozialen deskontuen zabalpenak: %65ekoa familia zaurgarrientzat, eta %80koa oso zaurgarrientzat. Argindarraren gaineko zerga berezia %0,5etik ohiko %5,1era itzuliko da urratsez urrats: 2024ko lehen hiruhilekoan %2,5era igo da, eta bigarrenean, %3,8ra. Argindar konpainientzako sorkuntza zergak ere ezeztatuta egoteari utziko dio, eta mailaka handituz joango da. Gasaren gaineko BEZa egungo %5etik %21era igoko da, sasoirik hotzena igarotakoan.

Pentsioak

Kotizaziopeko pentsioen %3,8 handituko dira. Hego Euskal Herrian batez besteko pentsioa 1.462 euro da; neurri horren bidez, batez beste, 55 euro handituko lirateke hileroko sariak, 1.518 euroraino. Hamalau ordainketa direnez, urte osoan 770 euro gehiago.

Gutxieneko eta kotizazio gabeko pentsioak %5 eta %14 artean handituko dira.

Guraso izan direnek beren pentsioan jasotzen duten osagarria %13,8 handituko da —inflazioa gehi %10—: seme edo alaba bakoitzeko hilean 35 euro izango dira, lau seme-alabaren mugarekin. Hego Euskal Herrian, 40.000 lagunek eskuratzen dute, emakumeak haietako gehienak.

Zerga bereziak

Bankuen eta energia konpainiarik handienen irabazien gaineko zerga eta fortuna handiena luzatu egingo dira. Bi zergak EAErekin eta Nafarroarekin ituntzea jasotzen du arauak.

Beste batzuk

Bankuetatik dirua eskudirutan ateratzeagatik pagatzen diren komisioak kenduko zaizkie 65 urtetik gorakoei, etxegabetzeen debekua zabaldu egingo da, eta hipoteken ordainketa errazteko beste neurri batzuek indarrean jarraituko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.