Lurramako egitarauak klima larrialdian jarriko du arreta

Lurramaren 14. aldia aurkeztu zuten atzo Miarritzen. FRANCOIS BERLAND.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2019ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Klima bizia da! lelopean iraganen da Lurrama, azaroaren 8tik 10era, Miarritzeko Irati gunean (Lapurdi). Euskal Herriko Laborantza Ganberak antolatzen du ekitaldi hori, «laborantza herrikoia eta iraunkorra bultzatzeko» asmoarekin. Aurten, Nafarroagonbidatu dute, lurralde horretako eta Ipar Euskal Herriko laborarien arteko elkar ezagutza bultzatu nahi baitute.

Laborariak «klima larrialdiaren biktimak» direla nabarmendu dute antolatzaileek. Laborantza herrikoiak desafio horretan duen lekuaz hausnartuko dute hainbat eragilek hiru egunez. Hamalaugarren ekitaldia babesteko, bigonbidatu berezi izango dira: Valerie Masson Delmotte, GIEC Klima Larrialdiari Buruzko Gobernu Arteko Taldeko lehendakarietako bat; eta Piero Sardo, Slowfood eta Bioaniztasuna elkarteko lehendakaria. Hitzaldi bana emanen dute.

Egitarau osoaren artetik, jendartearen mobilizazioaz arituko dira Fridays For Future taldeko gazte ekintzaileak. Elikaduraren inguruan tokiko laborarien lekukotasunak entzuten ahalko dira.

Mintzaldiez gain, animazioak, tailerrak eta erakusketak ere izango dira. Euskal Herriko baserrietan atzematen diren kabalak ikusten ahalko dira, eta haurrentzako tailerrak proposatuko dituzte. Lehen aldiko, landare gune bat ere jarriko dute.

Ekitaldia hasi aitzin, bihar, film bat emango dute Baionako Atalante gelan: John Chesteren The Biggest Little Farm dokumentala (Baserri txiki handiena), hain zuzen.

Alternatibak erdigunean

Urtero bezala, alternatiben herrixka plantan ezarriko dute, «laborantza herrikoia defendatzen duten» elkarteei toki berezia eskainiz. Hiru eguneko feria gauzatzeko laguntzaile gehiagoren beharra badaukatela ere jakinarazi dute antolatzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.