Beste kolpe bat hartu du Aiaraldeko ekonomiak. Apirilean itxi zuen Laudioko lantegia (Araba) Guardian Glassek, eta 171 langile kalean utzi. Orain, bada beste mehatxu bat: Maderas de Llodiok kaleratze kolektiboak egiteko asmoa adierazi du. Enpresak 151 langile ditu Laudioko fabrikan, baina langile batzordeak oraindik ez daki zenbat bota nahi dituzten.
Zuzendaritzak astelehenean jakinarazi zizkion bere asmoak langile batzordeari, ahoz eta modu informalean. «Aurrez bilerarik antolatu gabe, xehetasun handirik eman gabe eta plantan zeuden ordezkariei modu inprobisatuan helaraziz» eman zuen abisua, langile batzordeak eta LABek ohar bidez azaldu dutenez.
Hortaz, enpresak «errespetua eta gutxieneko formaltasuna» urratu duela salatu dute langileek, eta ez dutela kontuan hartu egoeraren larritasuna. Langile batzordeak oso larritzat jo du gertaera; izan ere, uztaileko lehen asteetan hitzarmenaren negoziazioan aurrerapausoak eman ziren arren, irailaren 1ean zuzendaritzak «neurri zorrotz eta aldebakarren aldeko» apustua egin zuen, «zuzenean langileen etorkizunaren aurka».
Enpresa batzordeak zuzendaritzari adierazi dio ez duela kaleratzerik onartuko, eta edozein neurriren aurka borrokatuko dela. Gainera, prozedura erretiratzea eta hitzarmenaren negoziazioak berriz hastea exijitu dio enpresari.
Adierazi dute lanpostu guztiak eta plantillaren eskubideak defendatuko dituztela. «Datozen egunetan langileen batzar orokorrera deituko du batzordeak, egoeraren berri emateko eta neurri honi erantzun kolektibo egokia artikulatzeko», adierazi dute oharrean. Irailaren 9rako hitzartu dute bilera langileen batzordeak eta enpresaren zuzendaritzak.
Garnica taldeko enpresa
Maderas de Llodio egurrezko xafla kontratxapatuak ekoizten ditu, pinuzkoak gehienbat. Errioxako Garnica taldearen barruan dago 2018az geroztik. Gaur egun, Carlyle AEBetako funtsak du Garnicaren kapitalaren %70 inguru, baina Garnica familia oraindik akziodunen artean dago. Laudiokoaz gain, beste sei lantegi ditu taldeak, lau Espainian eta bi Frantzian.
2022an, Garnicak Laudion bost milioi euro inbertituko zituela agindu zuen, xaflen ekoizpena handitzeko.