Maiatzaren Lehena bada egun garrantzitsua langileriarendako; urtero-urtero lan baldintza duinak aldarrikatzeko besta eguna. Zer agituko litzateke, beraz, egun hori berriz lanegun bilakatzeko ahaleginetan hasiko balitz gobernu bat? Horretan entseatu da Frantziako lehen ministro Sebastien Lecornu, baina erantzun biziak jaso ditu sindikatuen partetik, eta erreforma bertan behera uztera bortxatua izan da azkenean. Gobernuaren taktikek alarma baten efektua egin diete sindikatuei, eta, orduan, «Maiatzaren Lehena besta egun mantentzea» defendatzeko aterako dira karrikara bihar.
Ipar Euskal Herrian, hain zuzen ere, Baionan eta Maulen eginen dituzte manifestazioak CGT, LAB, FSU, Sud, eta Solidaires sindikatuek: 10:30ean Mauleko Herriko Etxeko plazatik, eta 11:00etan Baionako Santa Ursula plazatik. Mobilizazioetarako deialdian, lehen erranaldiak eskaini dizkiote Frantziako Gobernuaren estrategia politikoen salaketari: «Patronalarekin eta eskuin muturrarekin eskuz esku, Maiatzaren Lehena atakatu nahi dute, eta ehun urte baino gehiagoko borroka sozialaren historia zapaldu!».
Erraterako, Maiatzaren Lehenari «lanaren besta» edo «lanaren eguna» deitu ohi zaio herrialdeen arabera, baina protesta eguna izaten da, bereziki. Besta egun ofiziala izan aitzinetik ere hala zen: langileria protestatzera ilkitzen zen karrikara, Maiatzaren Lehena besta eguna bilakatzea lortu zuten arte; urteetan, langileriaren eskubideen sinbolo bilakatua da. Baina jakina da eskuratutakoak galtzen ahal direla berriz, eta iduri luke egun horren langileen eskuetarik berreskuratzeko gogoa dutela gobernuburuek.
Maiatzaren Lehena karrikan
Frantziako Lan Kodeak zehazten duenez, Maiatzaren Lehena lanik gabeko soldatapeko eguna da derrigorrez, osasunari eta segurtasunari loturiko lan sektoreetan izan ezik. Komertzio independenteei dagokienez, okinak eta lili saltzaileak tarteko, denda irekitzeko baimena dute baldin eta nagusiek berek egiten badute lan, langileei dei egin gabe.
Lecornuren gobernuak, haatik, aipatutako salbuespenak lan sektore gehiagori zabaltzeko lege proposamena egin zuen apiril hasieran. Testuak aukera utziko zien hainbat sektoretako nagusiei haien langile «boluntarioei» lanerako dei egiteko, hori bai, eguneko lanaldia doble ordainduz. Sindikatuak, haatik, fite haserretu ziren, Maiatzaren Lehenaren sinboloari egiten entseatzera zihoazen erasoaz oharturik eta neurriaren orokortzeaz beldur.
Ez dira horretan tronpatu; hasierako proposamena baztertua izan bada ere, okin eta lili saltzaileentzat aitzina egin baitu halere. Orain arte, salbuespenezko sektoreak ziren biak, baina, lege berria ezarrita, nagusiek ez ezik, langile boluntarioek ere lan egiten ahalko dute, ohiko saria bikoitza irabazita, hain zuzen. Ekologistek —Sud sindikatukoek bezala— helegitea jarri dute Estatu Kontseiluan, eta gaur bertan jakin behar lukete zer erabaki den azkenean.
Gainera, gobernuak ez du baztertu erreforma orokortuaren lege proposamena 2027an berriz aztertzea. Ipar Euskal Herriko intersindikalak, beraz, herritar orori egin die biharko manifestazioetarako deia: «Harro aldarrika dezagun langile klasekoak garela, eta borroka dezagun gure eskubideen alde! Langileak enpleguarekin, edo enplegurik gabe, paperekin edo paperik gabe, erretretadunak eta ikasleak, denok karrikara!».
Adierazi dutenez, «egun bakarra ere ez da pasatzen» langile batek beren atea jo gabe «etsipen egoera larrian». Lan baldintzak etengabe okertzen direlakoan, parrastan aipatu dituzte arrazoiak: «ordaindu gabeko aparteko orduak, kanporatze bidegabeak, opor ordainduen lapurretak, lansarien izozteak...».
Eta hala Ipar Euskal Herriko nola Frantziako egoera politiko orokorragoaren analisira jo dute. Erran dutenez, prekaritate eta pobrezia tasak goitika doaz beti, antolaketa sindikalerako oztopoak jartzen dizkiete langileei, laneko gaixotasunak areagotzen dira... Sindikatuek kontsideratu dute «antolakuntza kolektiboa» dela «gobernuaren babesa jasotzen duten patronalaren erasoei eman ahal zaien erantzun bakarra».
INTERSINDIKALAREN ALDARRIKAPEN BATERATUAK
Maiatzaren Lehena besta egun gisa mantentzea.
Emazteen eta gizonen lansarietan berdintasun erreal eta eraginkorra, eta laneko indarkeria sexistaren eta sexualaren aurkako benetako politika.
Gutxieneko lansariaren, lansarien eta indize-puntuaren balioaren igoera, eta haien prezioekiko indexazioa.
Erretreta osoa 60 urterekin, 37,5 kotizazio-urteekin, ikasketa urteak barne.
Enpresa handi eta oso handientzako gizarte kotizazioen salbuespenaren amaiera.
2019ko funtzio publikoaren legearen indargabetzea.
Langileen babeserako urte anitzeko plan bat, lan baldintzak ez okertzeko eta lan istripu larriak ez ugaritzeko.