Eusko Jaurlaritza motz geratu da bere aurreikuspenetan. Aztertzen ari da ETE enpresa txiki eta ertainei, mikroETEei eta autonomoei laguntzeko finantza programa zabaltzea, 1.230 milioi euroko eskaera jaso ondoren; aurreikusi baino 723 milioi gehiago. Guztira, 7.000 eskaera inguru jaso ditu —horietatik 705, autonomoenak—, Jaurlaritzak uste zuen kopurua halako bi.
Gobernu Kontseiluak 500 milioiko funts bat sortzea onartu zuen aurreko astean, eta astelehen honetan aktibatu du laguntza programa hori, Elkargirekin eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lan egiten duten hamabost finantza erakunderekin hitzarmenak sinatuta.
Orain, eskaeren tamaina ikusita, finantzaketa lerroaren zenbatekoa handitzea aurreikusten du; horretarako, Jaurlaritzak uste du beharrezkoa dela eskaeren eta zirkulatzailearen beharraren «erradiografia zehatzagoa» egitea.
Hala, Elkargiri adierazi dio «nolabaiteko malgutasuna» izateko finantzaketa eskaerak aztertzean, ETEek, mikroETEek eta autonomoek duten «salbuespen ekonomikoko egoera» dela eta. Aldi berean, «zintzotasunerako eta elkartasunerako deia» egin die enpresei, finantzaketa hori «benetan behar duenak» eska dezan, eta banketxeei eskatu die salmenta gurutzaturik ez egiteko, beraientzat «arriskurik ez duen produktu bat» delako.
Norentzat eta nola
Jaurlaritzak gogoratu duenez, mailegu horiek sei hilabetez zirkulatzailearen likidezia eta finantzaketa beharrei erantzuteko dira, COVID-19aren ondorioz hartu diren neurriek enpresa sarean dituzten eraginak arintzeko.
Maileguen zenbatekoak 5.000 eta milioi bat euro artekoak izango dira ETEentzat, eta 5.000 eta 100.000 euro artekoak mikroETEentzat eta autonomoentzat. % 0ko interes tasa dute, Jaurlaritzak diruz lagunduko baititu —Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bankuen bitartez banatzen dira—. Aplikatu beharreko Euriborrarekiko %0,50eko diferentziala daukate.
Maileguen eragiketen epea bost urtekoa da, urtebeteko aukerako gabealdiarekin. Onuradunek aldez aurretik kitatu edo amortizatu ahal izango dute mailegua, inolako kosturik gabe.
250 langile baino gutxiago, 50 milioi baino gutxiagoko urteko negozio bolumena edo 43 milioi baino gutxiagoko urteko balantze orokorra duten enpresak balia daitezke mailegu horietaz. Adierazitako baldintzaren bat betetzen ez duen beste enpresa batek edo batzuek, zuzenean edo zeharka, ezingo dute ETE horren %25eko edo gehiagoko partaidetza izan.
Mikroenpresei eta autonomoei dagokienez, hartzeko, Gizarte Segurantzako norberaren konturako langileen edo autonomoen araubide berezian alta emanda egon behar dute, eta PFEZari lotutako jarduera ekonomiko edo profesionaletatik lortu behar dituzte etekinak.