Mamuak uxatu nahian

joxerra senar
2009ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Bidea erabat libre du bihar Europako Banku Zentralak interes tasak gehiago jaisteko. Kinieletan %1,5tik %1era jaitsiko dela espero da. %1,909an dagoen Euriborra, beraz, gehiago jaitsi beharko litzateke apirilean. EBZk bidea libre du kontuan izan da martxoan Euroguneko inflazio tasa espero baino gehiago jaitsi dela: %0,6raino. Deflazioaren mamua ate joka du. Herenegun, orain arte herrialde inflazionistena izan den Espainiak iragarri zuen urte arteko tasa lehen aldiz %0,1 jaitsi dela. Burtsan, baina, mamuak uxatu nahi izan zituzten atzo, eta bankuek bultzatuta, gora egin zuten nabarmen. Ibex-35ak %2,8 gora egin zuen, eta azken kolpe horri esker, martxoa %2,56ko igoerarekin amaitu zuen. Inbertitzaileek urtarrileko eta otsaileko jipoiak ahaztu nahi dituztela dirudi.BBVAk(+%4,62) eta Santanderrek CCMren mamua uxatu zuten, eta zerikusi handia izan zuten atzoko igoeran. Bankinterrek bere ekarpena egin zuen, %9,18ko igoerarekin.



Porsche. Detroiteko handikiak sufritzen dauden bitartean, Porsche alemaniarrak etekina lau bider handitu du, Volkswagenen (-%2,9) duen %50eko partaidetzari esker. Gehiago espero omen zuten akziodunek, akzioak %4,7 jaitsi baitziren.



Cepsa. Bere akzioen %32,5 eta %5 saldu diote, hurrenez hurren, Santanderrek eta Union Fenosak IPIC talde arabiarrari, akzioko 33 euroko prezioan. Lehenak 2.869 milioi euro eskuratuko ditu, eta bigarrenak 441 milloi euro. Akzioen %47k izango du orain IPICek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.