CGT, Fo, Fsu, Cfdt, Unsa eta Solidaires sindikatuek grebara deitu dute gaur funtzio publikoan, eta Baionan manifestazio jendetsua egin dute, 2.500 lagun elkartu direlako. 10:30ean abiatu da ekimena, Lan Burtsatik. LABek bat egin du grebarekin eta manifestazio deialdiarekin.
Erosteko ahalmenari eustea eta enpleguen egonkortasuna dira gaurko protesten aldarri nagusiak, Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearen asmoen kontra. Hain justu, erosteko ahalmenaren aldeko diskurtsoa izan zen Sarkozy presidentziara eraman zuen zutabe indartsuenetako bat. Gaur, aldiz, erosteko ahalmenaren inguruko arrangura haren kontrako protesta bihurtu da. Erosteko ahalmenean izan galerak berehala berreskuratzea eskatzen dute sindikatuek, soldatak emendatzeko negoziaketei berehala ekiteko ere bai.
Manifestazioak ez ezik, funtzio publikoko grebak ere jarraipen jendetsua izan du. Esate baterako, hezkuntza publikoko lehen mailan lanuzteak %60ko jarraipena eduki du. Gutxieneko zerbitzuak, bestetik, Donibane Lohizunen (Lapurdi), Azkainen (Lapurdi), Donapaleun (Nafarroa Beherea) eta Ozarainen (Zuberoa) egon dira.
Zerbitzu publikoen birrinketa salatzen dute sindikatuek. Horregatik, herritarren behar errealetan oinarritutako zerbitzu publikoak mantentzeko eta plantan jartzeko eskatzen dute. Funtzionario lanpostuen atxikitzeko eta baldintzak hobetzeko eskatzen dute. Kalitateko zerbitzu publikoa iraunkortzea eta bermatzea ezinbestekoa dela deritzote sindikatuek, herritarren beharrei ihardetsiko diena hurbiltasun irizpidetik.
Ekonomia
Manifestazio jendetsua egin dute Baionan, erosteko ahalmenaren eta enpleguen egonkortasunaren alde
Sindikatuek grebara deitu dute gaur funtzio publikoan, Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearen asmoen kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu