Bada blue chip-en mapa begiratzea gustuko duen txerritxo ehiztaririk. Burtsako indize orokorrak ez diren Ibex-35 (+%1,29) edota CAC-40 (-%1,53) mapetan galtzen denik ere bada; lurralde jakin baten zoom bereziak direnez gero, bertan galtzea eskubidea da. Mapak eta bertako eguraldia ere aldakorrak dira, gainera. Berbarako, 12.000 puntuen langa borraska baten gisa bizi du egunotan Ibex-35ek. Azores baino harago, Wall Streetetik etorri diren berriek ez dituzte gure ehiztariak asebete: defizit komertziala, langabeak, konfiantza, JP Morganen txikizkako bankaren galerak eta abar. 2010eko irabaziak ezabatzeko beste euri izan da aste honetan. 2.802 milioiren salerosketa izan zen azoka arruntean Ibex-35eko akzioetan, eta Santanderrek (-%1,96), Repsolek (-%1,71), Iberdrolak (-%1,3), BBVAk (-%1,23) nahiz Edurnezurik (-%0,7) aho batez jardun zuten indizeari ufaka. Bolsas y Mercados (-%3,13) izan zen kaltetuena. Non eta zer galdu ez da falta.
Obama presidenteak banku handienei ezarri nahi dien zergak, Santanderrek eta BBVAk AEBetan dituzten filialei 32 milioiren zerga ekarriko die. 50 bankuk gainditzen dute 50.000 milioi dolarren aktiboen muga, tartean bi erraldoion Sovereign eta Compass.
Criteria (-%1,07) LaCaixaren kontroleko finantza holdingak Adeslas aseguru etxea erosi du, 1.178 milioian. Tratu horren zati gisa, Kataluniako Agbar (=) ur enpresaren kontrola Frantziako Suez Environnementek (=) eskuratuko du..
Mapan galduta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu