Soslaia. Greg Smith

Marrazoaren damua

Iker Aranburu.
2012ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Wall Street aurreko manifestarien, Washingtongo politikarien eta mundu osoko kazetarien kritika gogor eta merezitakoei axolagabekeria handiz erantzun ondoren, gehien mintzen duen lekutik jaso du kolpea Goldman Sachsek: barrutik. AEBetako inbertsio bankuko erdi mailako buruzagi batek dimisioa eman du, bankuaren negozio kultura «toxikoa eta suntsigarria» dela salatuta.

Ateari kolpe gogorra emanez alde egin du Goldman Sachsetik Greg Smithek, Europako, Ekialde Erdiko eta Afrikako deribatuen negozioko buruak. Atzo The New York Times egunkariak kaleratutako gutunean, Smithek ziurtatu du bankuarentzat ahalik eta diru gehien egitea dela Goldmanen helburu bakarra. «Deribatuen ataleko bileretan ez da ezta minutu bat ere galtzen bezeroak nola lagundu ditzakegun eztabaidatzen. Haiengandik dirua nola atera dezakegun da gai bakarra». Barneko mezuetan bezeroei «txotxongilo» deitzen dietela dio. Hamabi urtez Goldmanen lan egin ondoren, alde egitea erabaki zuen, ohartu zenean ezin ziela aurpegira begiratu bankuan sartzeko probetan parte hartzen zuten gazteei.

Ez da, noski, lehen aldia halako salaketak egiten direla munduko finantza erakunde boteretsuenaren aurka. Eta ez da gauza berria Wall Streeteko finantza erakundeen —mundu osokoen?— berekoikeria salatzen dela. Baina ez da ohikoa horretan aritzea sistema horren partaide izan eta haren kontura aberastu den bat. Goldman Sachsek, nola ez, akusazioak ukatu ditu: «Ez dugu uste hori denik gure negozioa daramagun modua».

Kontrako argudiorik, baina, ez da falta. Bi besterik ez aipatzearren: 2010ean, AEBetako finantza merkatuen gainbegiratzaileak auzi bat ireki zuen Goldmanen aurka, John Paulson inbertsiogile ezagunaren laguntzarekin, nahita galerak izan zituen finantza produktu bat sortu zuelako. Haren bezeroek mila milioi dolar galdu zituzten, eta Goldmanek 500 milioi pagatu zituen afera epaiketaren aurretik konpontzearen truke.

Bestalde, Goldmanek hainbat urtez lagundu zion Greziako Gobernuari bere kontuetan zituen zuloak ezkutatzen. Bankuak 600 milioi patrikaratu zituen; Greziak? Hango herritarrei galdetu...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.